iraila 30, 2024

GARRAIO PUBLIKOA

 

Bidaiarien garraio kolektiboari dagokiona da garraio publikoa. Pribatua ez bezala, garraio publikoko bidaiariek operadoreak eskaintzen dituen ordutegi eta ibilbideetara egokitu behar dute eta neurri handiagoan edo txikiagoan Jaurlaritzaren arauzko esku-hartzearen menpe egon behar dute.

Horrela defini liteke garraio publikoa, eta mugaketa horrekin bat egin ala ez, gertatzen dena da administrazioaren esku-hartzea gutxi gora behera sinbolikoa dela, konpainiek eurek nahi dutena egiten baitute, eta zer esanik ez ditxosozko Covidez geroztik bezeroarekiko adarra jotzea maila maiuskulak hartzen ari da. Ez dakit zer gertatuko zaion irakurleari, baina ni – garraio publikoaren gero eta zale handiagoa naizenez- jipoituta sentitzen naiz batzuetan, eskaintzen zaigun zerbitzu eta arretarengatik.

Nire duintasunean zauritu egiten naute, adibidez, autobusera iritsi eta barrura igotzeko txartela internet bidez hartu dutenek lehentasuna dutela adierazten zaigunean. Operadoreak, enpresa pribatua  delako, bere interesetarako hoberen iruditzen zaizkion baldintzak jartzen ditu sal-erosketa errentagarria gerta dakion. Baina nik – gauza mordorako internet erabiltzen dudan arren- aldez aurretik txartela erdietsi duena bezainbeste eskubide daukat autobus “publikora”ra igotzeko… baldin eta administrazio publikoak hiritarron berdintasunean sinesten badu. Osterantzean, gezurretan ari dira, eta, askotan bezala, interes pribatuen morroiak dira.

Argazkia: wikipedia

iraila 23, 2024

GORROTOZKO DELITUTIK HURBIL

 "Norekin hitz egiten ari naiz?" Horixe jakin nahi dut, edozein zentro publikora jotzen dudanean atenditzen nauen pertsonak izen-abizena baitauka, eta berak nirea dakien bezalatsu nik ere harena ezagutzeko eskubidea dut. Lotsagarria da erakunde publikoetako enplegatu asko eta askorengandik administratuok -ogasun beharrarekin zintzo betetzen dugunok- pairatzen dugun tratua.

Haserretu egiten naiz —zu baino gehiago sentitzen direnen helburuetako bat dela uste dut— soldata ordaintzen diegun pertsona aurkeztezin horietako batek mespretxu aurpegiz begiratzen didan bakoitzean,  bere txakurrarekin erabiliko ez lukeen tonu batean hitz batzuk botatzen dizkidan bitartean. Eta ez dut ezer esan nahi telefono bidezko arretari buruz: tratuak mespretxuzko eitea hartzen du.

Bada, beraien izen-abizenak eskatzea erabaki dut, euren kontrako salaketa jarri behar badut... gorroto delitu batengatik, horixe erakusten baitute beren axolagabetasun pozoitsuaren bidez. Kasta sailkaezina sortu dugu, eta nire adinean ez nago prest edozein txatxuk bizitza ozpin diezadan.

(Aurrekoa adierazita, aitortu behar dut, begirunez hartzen nauten zerbitzu publikoko zenbait enplegatu ezagutzen ditudala)

Argazkia: www.urtkintz.com

iraila 16, 2024

GIZAKIOK EZ GARA JAINKO

Yuval Noah Harari israeldar historialariak oso artikulu interesgarria idatzi berri du The Guardian egunkarian. Gaia adimen artifiziala da eta horren garapenak ekar dezakeen ondorioa aztertzen du.

“Inoiz ez deitu kontrolatu ezin duzun botere bati" zioen artikulugileak, eta Platonen Faidon jartzen zuen adibide gisa bere teorian. Iokin Zaitegi zenak euskarara hain maisuki ekarri zigun mito grekoak bere jainkozko jatorria frogatu nahirik, eguzkiaren gurdia gidatzeko pribilegioa eskatu zuen. Eguzkiaren erregea zen Heliosek Faidoni ohartarazi zion gizakiak ezin dituela kontrolatu eguzki-gurdia tiratzen duten zeruko zaldiak. Baina Faidon temati, zerura harro altxatu ostean gurdiaren kontrola galdu zuen. Eguzkia bere ibilbidetik aldendu zen, landaretza guztia errez, izaki ugari hil eta Lurra bera erreko zuela mehatxatuz. Zeusek esku hartu zuen eta Faidon jo zuen tximistaz. Izar iheskor bat bezala erori zen zerutik, bera sutan. Horrela, Jainkoek zeruaren kontrola berretsi zuten mundua salbatuz. Horixe da, laburki, mitoaren nondik norakoa.

Zer kontatzen digu Faidonen alegiak XXI. mendean? galdetzen du Yuval Noah Hararik. Agerikoa da gizakiok uko egin diogula mitoaren abisuei kasu egiteari. Dagoeneko desorekatu dugu Lurraren klima eta gure kontroletik ihes egin eta instant batean euren kontrola gal genezakeen milaka milioi drone, chatbot eta algoritmiko sorgindu batzuek mundua auskalo norantz mugiarazten duten tramankulu harrigarriak sortzen ari dira.

 Zer egin behar dugu orduan? Alegiek ez dute erantzunik eskaintzen jainko batek salbatuko gaituenaren zain.

Eta niri beldurra eragiten didate. Geratzen zaidan lasaitasun apurra 1945ean Monique Luigik “le petit journal” egunkari frantziarrean idatzitakoak dakarkit: aurreikuspenaren xarma da ia ziur ez garela iragarpena baieztatu ahal izateko nahikoa biziko. Erosotasun tragikoa, hain zuzen.

iraila 09, 2024

LANAREN AURREKO JARRERA DESBERDINAK


Duela gutxi argitaratu den ikerketa soziologiko batek dio belaunaldi berriak aurrekoetatik ezberdintzen direla lanerako darakutsaten behin betiko jarreran. Gerra zibilaren ondorengo belaunaldikoa naiz, ekoizpen, ekoizpen eta ekoizpen lelo autokratikoak behartutakoen semea. Gure gurasoen laneko neke fisiko eta psikikoak estajonavismoarekin oso lotuta dagoen bizitzari aurre egiteko modu bat eratu zien. Eta gure kopetaren izerdiz ogia irabazteak suposatzen zuenaren hurbileko oinarri moral batekin hazi ginen, nahiz eta gure aurrekoen hainbeste estres edo lan presiorik gabe eta haien baino estatus sozial hobeagoan bizitzeko aukera ematen zigun hegan egiteko pista bat genuen.

Jarraitzen gaituen belaunaldia ohitura ezberdinetako ingurune batean murgilduta bizi da, nondik nora doan oso ondo ez dakien lan merkatu batekin, eta balio ezberdinekin, horietatik gehien gailentzen dena bizitzeko lan egitea eta ez lan egiteko bizitzea delarik. Bizitza oso laburra da eta egunez egun egin behar duzu. Niri oso ondo iruditzen zait, prozedura honekin bizitza duina izateko eskubidea bermatzen baldin badute, eta jarduten duten gizarte osorako dituzten betebeharrekin bat egiten badute.

Horrela ez bada, bakarkako karta-jokoan tranpak egiten ibiliko lirateke.

Argazkia: Tere Anda

iraila 02, 2024

MARE ANGUSTIAE

Bada zorte txarra! Albisteak lurpeko ilargi-bide handi bat aurkitu dela zioen, etorkizuneko misioetarako aterpea eman dezakeena eta muturreko tenperatura eta meteoritoetatik babesten dituena, eta informazioaren atzetik datorren lehen ilargi beteko gauean zerua estalita agertzen da, gure satelitea ikustea galaraziz. Gogoarekin geratu naiz, aipatu bidea ikusterik izango ote nuen.

Zientifikoek diotenez, Mare Tranquilitatis deitu duten putzuan, ehun metrotako sakona, espazio-kolonia bat loja zitekeen, eguzkiaren erradiazio, izpi kosmiko eta mikrometeoritoetatik babestuta. Halaber, badirudi putzu horietan leizeak ere litezkeela, ur, izotz eta beste material batzuetatik hurbil egon litezkeenak, ilargi-misioak arrisku gutxiagokoak bilakatuz. Hori bai, ilargiko estazioak eraikitzeak ingenieritzako azpiegitura sofistikatua beharko lukeela diote adituek.

Niri ez zait oso garbi geratu zeinen izenean hitz egiten duten zientifiko horiek, eta beldur nago ez dutela gizateriarenean egin, euren estatuarenean baizik. Eta horrela bada, espazio-misioetako benetako arriskua ez da izpi-kosmiko eta era horretako eragileetatik etorriko, giza-tribu desberdinetatik baino. Hau da, banderak egongo dira jokoan. Eta, beraz, Mare Tranquilitatis ordez ilargiko putzuari Mare Angustiae esan beharko litzaiokeelakoan nago.

Argazkia: wikipedia