BILATU

lunes, 31 de octubre de 2016

HALLOWEEN VS. HOLYWIN

Defuntuen eguneko  bezpera itzul genezake Halloween izena. Bai, zelta jatorria omen duen ohitura horri nagokio, nire buru eskeman oraindik iragazi ezin izan dudan ospakizun inportatu ganorabakoari. Izpi katodikoetako hodien bilakaera finak sortutako tele aparailu magikoak usadio arrotz horren errealitatea sendotu du gure gizarte noragabean, eta ondorioz kontsumo ergela disparatu egin da.

Eta bere jatorrian ere kristautasunaren eta horren aurreko sineskerien arteko sinkretismo hutsa denari espainiar eliza katolikoaren sektorerik atzerakoienetatik Holywin bataiatu

duten ekintzarekin egin nahi diote aurre. Gehiegi nire ulermenerako!  Hobe litzateke pentsatuko balute nola erakar gaitzaketen hiritarrok modu naturalean, apal eta bizirik.

Ergelkeriari pitokeriarekin erantzutea esaten diot nik horri.  Errainu zerutiarrek sutsu erantzungo ei diote iluntasunaren erreinutik datorrenari eta ondorioa ... Zein izango ote da ondorioa? Garbi dago: alde bateko eta besteko txatxukeria.

lunes, 24 de octubre de 2016

ADISKIDEAK, METODOLOGIKOKI?

Aitortzen dut gaztea nintzela autolaguntzarako liburu bat erosi eta irakurri nuela. Bai, badakit hori ez dela bekatu baina egungo perspektibatik begiratuta, arina den arren hustzat daukat bizipen hura nire kontzientzian.

Hasi beharko nuen adierazten liburu guztiak  irakurlearen laguntzarako daudela eginda, modu batean edo bestean energia ematen baitute, zeinu eta intentsitate desberdinekoa bada ere. Baina, behintzat niri iruditzen zait, autolaguntzarako autodefinitzen diren liburuak jatorrizko bekatuarekin jaiotzen zaizkigu, sortzeko unean bertan markatuta.

Nik  hamazortzi urterekin erosi eta irakurri nuena Dale Carnegie amerikarraren "Cómo hacer amigos e influir en la gente" izan zen. Ordurako metodoaren asmatzaile dolarretan milioiduna betiereko deskantsuan zetzan, lur planetan utzitako hilkorrok adiskide eta adiskidetasuna hitzekin jolasten ginen bitartean.

Urteen eskarmentuak diostanez, ordea, adiskide eta adiskidetasuna ezin da buruarekin mugatu. Askoz gehiago da. Gaurko koordenadetara eramanda, adibidez, Facebookeko lagun guztiak ezin daitezke adiskide  izan. Eta hiru ehun orrialdetan adiskideak nola egin sartzerik balego pikutara joango litzateke pertsonaren nortasun erakuslerik bikainena: bihotzaren deiari segitu ahal izatea. Eta adiskideak bihotzekoak dira, ala ez dira adiskide izango.

Argazkia: JMVM

lunes, 17 de octubre de 2016

BAKEAZ TEORIZATZEN ARI

"Kantua neure buruari" obran Walt Whitman poeta amerikarrak zioen bakea eta jakintza lurreko gatazkez haratagoko ondarea direla. Lirikarako hain polit datorren aurreko hausnarketa eguneroko praktika zalapartatsuarekin nahasten denean errealitate gordinak harrapatzen gaitu eta, ni bederen, bat nator Whitmanekin, bakea eta jakintza balio ukiezinak diren arren gerra eta ezjakiteaten eraginpeko garroek nora daramaten samur neur baitaiteke.

Bakea arazo bihurtu zen gizakia mundura azaldu bezain laster, eta gizakiaren garapen integralerako oinarrizko osagaia dugun hezkuntzak ajeak ageri dizkigu, gero eta sakonagoak. Bakea eta hezkuntza elkarren ondoan doazen balioak ditugu.


Asteburuko irakurgaia izan dut "Populorum Progressio" entziklika, 1967an Pablo VI Aita Santuak sinatua. Vaticano II.aren ondorioetan egituratua,  bakearen gaineko eskubide unibertsalaz mintzo zitzaigun, gizarte desoreken kontrako ahotsa altxatuz. Ez naiz hain inozo eta badakit literatura eta praxia ez doazela normalean eskutik helduta; gauza bat da pulpitutik solidaritatearen aldeko hitzaldiak egitea eta beste bat garia banatzea. Baina, ene iritziz, bakea zer izan beharko litzatekeen ulertzen joateko Whitmanen idazkietan eta entziklika horren gisako dokumentuetan -ezin dut ahaztu Juan XXIII.aren "Pacem in terris"- murgil egitea ez letorkiguke gaizki. Behintzat, abiapuntu bertsutik aterako ginateke eskubide unibertsalaren bila. 

Argazkiak: JMVM



lunes, 10 de octubre de 2016

URRIAK 10

Urriak 10. Zertara zetorren oraindik ulertu ez dudan jai egun batetik abiatu ginen iragan ostiralean eta ezertxo ere esaten didan beste batekin egingo dugu tril etzi.  Larrepanotxa, aizu!  Gaur astelehena. Zorionez, inori ez zaio otu –oraindik!-  bost begitako zubi ofizialik eraikitzea  data absurdu horien artean.

Aisiaren gizarteko zehazkizun gordinei heltzen zaie gero eta modu garbiagoan, harekiko eskubidearen marra nola ematen zaigun eta noraino iristen den bat ere axolarik gabe. Gauza da aisia kontsumitzea, kosta dakigukeenari erreparatu barik. Eta kostuaz ari naizenean ez nagokio bakarrik xahupen ekonomikoari. Bada beste motako prezioa, gero edo lehenago ordaindu behar dena; adibidez, aisiaren gaineko eskubide naturalari giza garapenerako behar bezalako arretarekin ez erantzutea. Eta kostu horren amortizazioak zenbait belaunalditarako hipotekatzen gaitu. Ez da, beraz, gau erdiko ahuntzaren eztula!

lunes, 3 de octubre de 2016

REQUIESCAT IN PACE



Demokraziara 1977n salto egin zuten gainerako guztiak bezain zaharra nauzue, politika partizipatiboan.  Urte hartako ekainean zintzotasun osoarekin hurbildu ginen hautestontzietara, gure botoarekin egoera politikoari bestelako eite, ibilbide eta margoa emango geniolakoan. Ilusioa antzematen genuen alderdietan. Berrogei urteren - bi belaunaldiren- buruan gauzak desberdinak dira. 

Enpresa munduan negozio asko desagertzen da bi belaunalditako tartean. Ilusioz beteriko aitzindari ekintzailearen ondorengoek pikutara bidal dezakete lantegia, utzikeria eta bizioz jositako kudeaketa negargarria tarteko. Zanganoek langile-erleen dinamika bizia gelditzen dute, erreserbetatik geratzen dena ahituz, eta enpresak ateak itxi behar ditu. Bi belaunalditan gai ditugu negozioari requiescat in pace jartzeko. Ez dira gauza egoera kalamitosoari buelta emateko eta langileen artean itxaropen eta ilusiozko hazia lehortu egiten da. 

Politikaren munduan antzerako prozesua ematen delakoan nago. Zanganoek eragotzi egiten dute berrikuntza, euren ezintasunaren erantzukizuna auzokoari leporatzen dioten bitartean. Ez dira konturatzen beraiek direla arazoa. Berrikuntzarik gabe ez dago aurrera egiterik. Eta horren ondorioz hautesleok - hiritar arruntok- gara kaltetuenak, geu baikara katearen begirik ahulena. Euren sistemetan, metodologietan, produktuetan eta - azkenean- langileen ontasunean inbertitzen ez duten enpresak ixtera daude kondenatuta. Berdin-berdina alderdiekin: buru-esklerosiak hondamendirik ikaragarriena zabal dezake bi belaunalditan. Eta orduan alderdiak ateak itxi egin beharko lituzke.


Oharra: azken aditza ahalerazkoan idatzi dudala konturatu da irakurlea, alderdiek ez baitute ixteko borondaterik azaltzen. A! Eta PSOEri eskaini nahi diot aurrekoa, ematen ari diren espektakulu esperpentikoa dela-eta.


Argazkiak: Wikipedia eta Tere Anda