BILATU

lunes, 29 de agosto de 2016

UDARAKO ETA BAKARKA



Bizikletak udarako direla idatzi zuen Fernando Fernan Gomezek aspaldi. Halako zerbait ere adierazi zuen Miguel Delibesek. Eta horrela pentsatzen nuen nik abuztu honetako goiz sargoritsu batean,  mendiko txirrinduan bidexka aldapatsu eta narraz beteriko batetik gora nindoala. Egia esateko, duela hamabost bat urtera arte ez naiz ziklismo-zale aktibo izan eta orain ere udako hilak aprobetxatzen ditut pedalen bitartez gorputzari astindutxoren bat emateko. Ezer gutxi, edozein modutan. Baina, dena den,  gero eta gutxiago, gorputzaren ajeak nabarmenagoak baitira urteetan barrena egiten den neurrian. 

Horregatik, udako goizetan bizikletaren gainera igo naizenean beste egiaztapen batez ohartu naiz: nire adinean eta praktikatzaile apal-apaltxoa naizela kontuan izanda, bizikletaren gaineko ibilaldiak bakardadean egin behar ditut. Osterantzean, talde dinamikari jarraitu nahi izanez gero, gibela ahotik atera dakidake ... eta ez nago ni halako sufrimendutarako. Beraz, udarako eta bakarka.

Argazkia: JMVM

lunes, 22 de agosto de 2016

EUSKAL LITERATURAN BARRENA



“El Quijote” irakurri behar izan genuen ume denboran. Argitalpen laburtua, hori bai, baina hezkuntza sistema frankistak espainiar literaturako adibiderik esanguratsuena zerbitzatzen zigun, nik esango nuke gure gozamenerako, artean bederatzi urte nituen arren. Don Kijote Mantxako, urte batzuk geroago Pedro Berrondok itzuli bezala, eta bere ibilaldi eta gertaera xelebreekin goi literaturaren zirrikituetatik sarrarazi gintuzten, gure izpiritua geroko literatura-erronka zailagoetarako prestatuz. 

Frankismoa hil zen aspaldi - neofrankistak agertu badira ere- eta euskal literaturari bidea ireki zitzaion,  paradigma berri baten atarian geundela pentsatzera iritsi ginelarik. Ez dut eztabaidatuko hori  lortu den ala ez, baina begi bistan dago gure haur eta gazteei ez zaizkiela euskal literatura klasikoaren erreferenteak behar bezala erakutsi eta alde horretatik ezjakinak dira.

Bateon batek galde liezadake zertarako balio duen, adibidez, Pedro Ignazio Barrutiaren "Actto para la Nochebuena" irakas-testuetan zabal eta modu erakargarrian agertzeak. Galdera horri inteligentziaren logikarekin bakarrik erantzun dakioke, eta hori ez luke ulertuko galdegile gizagaixoak.

Argazkia: JMVM 

domingo, 14 de agosto de 2016

AMESGAIZTOAK



Udan ere zigortzen naute, gupidagabeki. Ez didate atsedenik uzten eta loaren bitarteko deskonexiorako nire eskubidea hanka artetik pasatzen dute: amesgaiztoei buruz ari naiz. Sorburu eta mota desberdinetakoak  izaten badira ere, eskola denboretara naramatenak ditut bereziki bisitari.

Berdin die adinak: lehen hizkiak artean ikasten ari nintzenekoa izan daiteke atean jotzen duena, edota unibertsitate-ibilaldia bukatzear nengoenekoa. Nolanahi ere, beti, oso gaizki prestatuta agertzen naiz azken azterketara eta arrisku bizian ageri zait ikasketetan aurrera egitea. 

Eta orduan kristoren ahalegina egiten dut, lo artegagarritik iratzartzeko eta nire buruari esaten diot, zorionez jubilatuta nagoela, duela hirurogei urte inguru gainditu nuela hainbeste kezkatzen ninduen haurtzaroko zatiketen azterketa hura eta karrerako Estatistika, Ikerketa Operatiboa, Bretton Woods, Balantzeen Teoria, Fortran, Cobol eta gainerako ikasgai aridoak atzean geratu zirela, per in secula seculorum. Zoritxarrez.

 

domingo, 7 de agosto de 2016

SUPERHUMANOAK?



Orain superhumanoak fabrikatzen bide dira, lehengoan begietara deigarri egin zitzaidan iragarki  baten arabera.

Nik ulertu, onartu egin dezaket - Superman fikziozko aspaldiko inbentoa da- gizon/emakume bat demaseko gaitasunarekin helbururik zailenak erdiesteko,  gainerakook ezin duguna. Supergizon/superemakumez beterik dago mundua: Trump, Calcutako Teresa, Ronaldo, Serena Williams, Loiolako Iñaxio eta abar luzea. Horiek, ordea, ez dute zer ikusirik Nietzschek, Zaratustraren bidez, teorizatutako super gizakiekin. 

Baina superhumano? Dakidanez, homo sapiens sapiens azpi-espeziea dugu  zutikako jarrera, bi oinetako lokomozioa, eskuen bitarteko gaitasuna eta lanabesetarako berezko jokaera duen leinua: humanoa.

Nora garamatza, beraz, superhumano definizioak? Ni ez naiz ausartzen ezer teorizatzera. Baina uste dut iragarkiko enpresak nahastu egin dituela kontzeptuak. Hain itsukor aritu dira euren metodologiaren gaineko ontasunaz non tupust egin duten lehen harrian eta liderrak sortu beharrean paradigma ezezaguneko izakiak inbentatu dituzte, oharkabean, noski. Tiroa erratu dute. Ala publizitate engainagarria? Adar jotze hutsa, agian?

Argazkia: JMVM