BILATU

lunes, 25 de enero de 2016

LIBERALISMOA VS. ASKATASUNA




Varoufakisek zioen lehengoan hautestontzien emaitzak stablihment-ekoek gustukoak ez dituztenean demokrazia kolokan jartzen dela. Ezer berririk eguzkipean! Baina, dena den, errepikatu beharreko letania dugu Greziako Finantza ministro ohiarena, bederen kontzientzia gaitezen eta inork  engaina ez gaitzan.

Norbaitek  liberala dela esaten badit nire neurriak hartzen ditut, gutxien espero denean kartera lapur baitiezadake. Politikan ez dago ezer arriskuagorik liberal bat baino. Euren interesen kontrako ezeren aurrean interbentzionistak bilakatzen dira, ejertzitoaren parte hartze azkarra eskatuz.

Eta zer esan bere burua ezkerreko edo eskuineko liberaltzat duenaren gain? Baina, jaun andreok, nola arraio izan daiteke liberal eta ideologia-esparru itxiko militante? Irakurleak ezagutzen al du txoririk zeru infinituko espazioan beti itzalean edo beti eguzkipean dagoena? Liberal denak  haize guztietara egon beharko luke irekia, eta nik ez dut oraindik aurkitu horretarako prest dagoenik.

Ideologia politikoaren inkongruentzia  da ezkerra/eskuina eta liberalismoa. Eta ez dakit kasualitatez izango den baina liberalismoa eta eskuina, normalean, batera joaten dira, liberalek euren jarduera hitz arranditsu hutsetako diskurtsorekin apain ditzaketen arren. Liberalismoa eta askatasuna antagonikoak direlakoan nago. 

Euren egitez ezagutuko dituzu! Ba hori, Jainkoak libra nazala adiskide liberaletatik fatxetatik ni neroni libratuko naizela!

Argazkiak: Wikipedia 

lunes, 18 de enero de 2016

WIKIPEDIAREN URTEBETETZEAN


Wikipediak hamabost urte bete zituen lehengo astean. Adin nagusitasunera heldu ez den arren egundoko ekarpena egin die dagoeneko Interneteko erabiltzaileei eta nahi nuke pentsatu aurrerantzean ere hazten jarraituko duela bere eskaintza positiboan.

Ez da ahaztu behar eszeptizismo handi baten erdian sortu zela eta entziklopedia birtualaren bideragarritasuna zalantzan ipini zela, abiatu bezain laster. Lantegia ez zen txantxetakoa eta aldeztaileak baino zori gaiztoko ahots ilun gehiago altxatu ziren, proiektuaren hurbileko heriotza iragarriz.

Baina hamabost urtetako emaitzak egitasmoaren ontasuna gogoratu digu. Ezagutzarako bideak zabalagoak egin ditu Wikipediak. Mota guztietako milaka eta milaka adituren lankidetzak oinarri aberats eta diziplina anitzekoa ahalbidetu du, jakintzaren zutabeak ageriagoak utziz. Eta zientziak urrats berriak eman ditu ezagutzaren sozializazioaren bidez.

Wikipediak ondorio onak ekarri dituela pentsatzen dutenetakoa naiz. Partikularki sarritan erabiltzen dut eta - beste edozein dokumentazio zientifikori bezala- erlatibotasunezko koefizientea aplikatu behar bazaio ere, nire eskuetatik pasatu diren paperezko dozenaka entziklopedia baino sinesgarritasun handiagokoa da. Beraz, zorionak Wikipedia eta eutsi lanari!

lunes, 11 de enero de 2016

EL CHAPO, ESTATU EZKUTUA ETA MAS

Estatuaren seguritateko indarrek El Chapo gaizkilea atzeman zuten lehengoan Mexikoko Durango herrialdean, pelikula autobiografikoa  errodatzeko ahaleginetan ari zela. Kartzelatik pelikulako ihesa burutu zuen gizonak hankaz gora jarri zuen estatuaren sinesgarritasuna eta  Peña Nieto presidentearentzat lehentasuna bilakatu zen iheslaria harrapatzea. 

Ameriketako Estatu Batuetan Deep State edo Estatu Ezkutua deitu diote, munduko estaturik boteretsuenaren egiazko politika eragiten duen gobernu ikusezinari. Hau da, Obama eta enparauaren gainetik iparramerikar gizartearen nondik norakoa markatzen duen indarra Pentagonoaren sukurtsalek gehi Googleren gisako enpresek gehi Wall Streetek gehi zenbait epaitegik osatzen dute. Eurak dira barne eta kanpo politikaren benetako eragileak,  oihal atzetik
eta zigorgabetasunetik eszenatokiko panpinak mugitzen dituztenak. 

Zer nolako pelikula nahi zuen errodatu El Chapok? Mexikoko Estatu Ezkutua erretratatzen zuena? Horrela balitz ausart samarra, ezta? Mexikar"stablishment"eko oinarri ukituezinek droga-munduko dirutzatik onura ateratzen duten bitartean El Chapok negozioan segituko du, hori bai, ezkutuko estatuaren beste kideen aurpegi ilunak pantailaratzen ibili gabe. Osterantzean, bala anonimo batek isilduko du betiko, Estatu Ezkutuak ez baitie traidoreei ordaintzen. 

Eta zertan ibiliko da espainiar Estatu Ezkutua Masen larunbateko maisu-jokaldia ikusita? Honez gero, Rajoyk mahai gainean edukiko ditu instrukzioak.

Argazkiak: wikipedia





 

lunes, 4 de enero de 2016

ESKARMENTUAN HAZIZ



Urte zaharreko ajeak sutzar oniriko handi batean erre nahi izan ditugu inoiz askok,  bizitza-ibilbidean barreneko martxa samurragoa izango zelakoan. Baina errealitate gordina da urte berriari atzean utzitakoaren angelu bertsutik begiratu behar zaiola, oinetan pilatutako bizipenen talaiatik. 

Hamabi hilabetetako gaizki joanak, alperreko saiakerak eta zorigaiztoko ustekabeak behin betiko ezereztatu eta etapa berriari indar eraberrituekin ekiterik balitz, arinago joan litekeela pentsa genezake baina badakigu praktikan motxila eskarmentuzko zamarekin goazela egunez egun betetzen eta, beraz, behartuta gaude datorrenari bizkar konkortutik begiztatzera, horrek dituen abantaila eta akats guztiekin. 

Bizitza-sutzar hipotetikoak ez luke bidea leunduko. Galdetu, bestela, Delfin adiskideari, argazkian ardo erreaz gure aldeko topa egiten ari dela, azken urte zaharreko  ospakizunean. Berak laurogeita hemeretzi errepuierre daramatza sorbalda gainean eta itxaropenez beterik piztu du sua denetan, hori bai,  eskarmentuzko konkorra urtero erori-jaiki gehiagorekin aberastuta.

Argazkia: JMVM