BILATU

lunes, 26 de octubre de 2015

PERRETXIKO ZALEAK



Goiz-goizik ateratzen dira basora. Izaki bakartiak bihurtzen zaizkigu, sekretuak konpartitzerik gustuko ez duten horietakoak baitira. Onak eta txarrak  bereizten maixuak dira eta zalantzaren aurrean ez dute arriskurik hartzen. Ziurtasunean aritzen dira, eskarmentu luze eta sakonak gidatuta. Etxe ondoko bazterretan ez ezik inguru arrotzetan ere ausartzen dira, nahiz eta badakiten saskia betetzeko lehia handiagoa pairatu beharko dutela. 

Perretxiko zaleak ditugu, giza espezie apartekoa, bere elementu basatian metamorfosi sakona erakusten duena.

Eta lagun horiei esker, onddo, perretxiko eta zizak baserriko mahaiko osagarriak izatetik gutizia bilakatu dira goi sukaldaritzan. Hamaika errezeta konplikatutan zerbitzatzen dizkigute jatetxe ospetsuetan eta ohiko nahaski xumean ere laudorioak pizten dituzte, jaleen arteko zuhurrenek muzin egin diezaiekegun batera, itxurarik erakargarrienarekin mahairatu arren. 

Udazkeneko  mendi arakatzaile trebeak ditugun perretxiko zaleak euren saltsan dabilzkigu sasoi honetan, eta edozein arrantzale edo ehiztarik bezala beren abenturak azaltzeko prest dituzu – onddo lekuaren kokapena ezik, noski- garagardo edo kafe batek lagunduta. Egin ezazu froga.

Argazkiak: Urtzi Azkarraga


lunes, 19 de octubre de 2015

POLITIKAKO FALSIFIKATZAILEAK



Arte munduko faltsifikazioak eztula baino antzinagokoak ditugu. Ez da izango egun iruzurren baten albisterik heltzen ez zaigula eta batzuetan ahoa bete hortz geratzen gara faltsifikatzaileen iaiotasun maila garaia dela eta. Pintura, historiaurreko ondarea, herri zeramika edota bitxigintza,  abar luze batekin jarraituz: dena da iruzurgai, dagokien merkatua prest dagoenean edozein eskaintza onartzeko.

Politika artea bada, eta hiztegi espezializatuetan horrela definitzen dute, politikan ere iruzurra posiblea dugu. Silogismoa O.H.O-ko azterketarik xumeena gainditzeko gai  izango ote litzatekeen ez dakidan arren, garbi dagoena da politikan faltsifikatzaile ugari aurki ditzakegula, esfortzu handirik egin gabe, gainera. 


Gizakien kontra aritu ezik, nork bere etxean nahi duena egin dezakeela pentsatu izan dut beti. Horregatik, aurreko astean PPren EAEko frankiziaren baitako auzia etxez barruan eta isilik geratu izan balitz ez nuen ezer esango. Baina buruzagiaren errelebo zalapartsuan garaile atera denak guztiokin hitz egiteko prest dagoela publikoki adierazteak beraz ezin dela fidatu erakusten du, merkantzia faltsua saldu nahi baitu. Sinesten dionak bere burua engainatu nahi duelako da, edozein faltsifikazio onartzeko prest dagoelako.

Argazkia: www.legalitas.com 

lunes, 12 de octubre de 2015

HITS-BANITATEA



Ez dakit zuri, irakurle estimatua, hispanitateko egunak ezer esaten dizun. Niri, behintzat, bai. Ez zenuen espero, ezta? Bada, halaxe da, egun hori ongi grabatuta daukat nire gogoan, aspaldikoa baita mundu honetatikako nire ibilaldia.

Hispanitateak ekartzen dit gogora nire herriko guardia zibilen ospakizun sonatua, galazko euren trikornioekin eta  eskularru zuriekin jantzita.  Jarraian kuarteleko harrera-ekitaldia zetorren, ohiko luntxarekin, eta bertara herriko falangista, frankista eta oroimen laburreko zenbait karlista agertzen ziren. Zuzeneko espektakuluaz gain, telebistak Zaragoza edo Madrileko desfile militarra eskaintzen zuen, Jesus Alvarez eta David Cubedo esatari fatxen komentario goxoek apainduta. 

Nire herritik guardia zibilak desagertu ziren arren euren trikornioen itzala ez dago hain urruti. Eta arreta apur bat jarriz gero gaur inon ospatuko dutenaren oihartzuna entzuteko gai izan gintezke.  Telebistak desfile militarraren irudi espektakularrak eskainiko ditu eta ohiko espezimen higuingarrien espektro zabalaz - alderdi politiko emergenteetako ordezkariak barne- gozatzeko parada izango du teleikusle fanatikoak.

Niri hispanitateak erokeria burugabe eta tristearen irudia dakarkit,  indarraren arrazoiak erakutsitako hits-banitate zoro eta ergela.






lunes, 5 de octubre de 2015

HURBIL DAGO ABERRIA BAINA...



Berrogeita zortzi urte eman dira elkarri azken agurra esan genionetik, ziurrenik gainera agur hitza erabili gabe, hurrengora arte ia-ia mende erdia itxoin beharko genuela bat ere sumatu barik. Eta larunbatean elkar genuen topo egin, Interneteko eremu zabalean batak bestearen presentzia antzeman ondoren. 

Ez dut gogoratzen nork idatzi zuen bakoitzaren aberria batxilergoa elkarrekin egiten dutenen espazioa dela. Horren arabera, batxilergoko ikas-mahaiko lagunak aberrikideak ditugu. Eduardo Madinaveitia gasteiztarra eta biok batera ibili ginen Gasteizko Institutuan urte samur haietan, etorkizunak zer ekarriko  zigun zeharo ezjakinak. Nork bere bideari ekin genion hamazazpi urteko bizitza-motxila arinarekin eta herenegun elkarri besarkada zirraragarria eman ondoren gure bilobak ere izan genituen hizpide, besteak beste.

Plazera izan zen ordutxo batez, oroitzapenetako biltegia arakatuz frenorik gabe mintzatzea, eta bestela ezin zitekeen moduan  hitzordu berri bat jarri genuen ostera kontu kontari aritzeko. 

Zer hurbil dagoen aberria eta zein gutxi ezagutzen dugun!

Argazkia: Arqué