BILATU

lunes, 25 de mayo de 2015

ATZOKO IRABAZLEEI ESKAINIA



(atzoko hauteskundeetarako, promesak egin zituzten alderdiei eskainia)

NBEren Parisko bilera, 1948ko abenduaren 10ean
Irakurtzen ari nintzen lehengoan Iokin Zaitegik sortu eta zuzendutako “Euzko Gogoa” aldizkariaren 1950eko martxo-apirilaren alea eta edukien artean “Gizonaren eskubidegai guzietaz Aitorkizuna” tituluko artikuluarekin egin nuen topo. Hain zuzen, oso oker ez banago Nazio Batuen Erakundeak 1948ko abenduaren 10ean giza eskubideen gain burutu Aldarrikapen Unibertsala euskaraz argitaratu zen lehen bertsioa da Euzko Gogoa-rena. 

Artikulua sinatu gabe datorren arren, itzultzailea, itxura guztien arabera, Iokin Zaitegi bera da, garai hartan Guatemalan bizi zena eta, ezaguna den moduan, estatu hartatik irradiatzen zuen mundu guztira kultura eragilearen bere magia, gerra osteko euskarazko lehen aldizkariaren bitartez

Arrasatearraren gizarte-konpromiso sakoneko beste adibidea dugu itzulpen hori, euskal gizartea une haietan pairatzen ari zena gogoan edukita. Itzulpena egiteko zein hizkuntzatan oinarritu zen ez dago jakiterik. Iokinek, hizkuntza klasikoak aparte, ingelesa, frantsesa eta espainiera menderatzen zituen eta mintzaira guzti horietatik igaro zituen euskarara testu ugari.

Konpara ditzagun Iokinen itzulpena, egun Nazio Batuen Erakundearen web orrian irakur daitekeena, eta Unescoren Korreoa aldizkarian 1949an espainieraz argitaratutakoa, hurrenez hurren: 

1 Atala.- Gizon guziak, beren eskuko jaiotzen dira, ta maila berean, eskubide berdiñekin; eta ezagu-argia duten ezkero, elkarren artean anaikiro jokatu bear dute.
1. atala Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.
Artículo 1º. Todos los seres humanos nacen libres e iguales en dignidad y derechos, y dotados como están de razón y conciencia, deben comportarse fraternalmente los unos con los otros.

30´garren Atala. Aitorkizun onek ez dio iñori eskubiderik ematen, ez bakarrari, ez baltsari, ez lege-erriari, Aitorkizun ontan zabaltzen diran eskubideak galarazteko asmoz egin diteken ezertarako.
30. Atala. Aldarrikapen honetan jasotako ezertan ezingo da ulertu Estatuari edo talde edo norbanakoren bati Aldarrikapen honetan bertan adierazitako edozein eskubide eta askatasun deuseztatzeko ekintzak edo ihardunak burutzeko eskubidea ematen zaionik.
Artículo 30º. Nada en la presente Declaración podrá interpretarse ene l sentido de que confiere derecho alguno al Estado, a un grupo o a una persona, para emprender y desarrollar actividades o realizar actos tendentes a la supresión de cualquiera de los derechos y libertades proclamados en esta Declaración. 

Euzko Gogoa
Itzulpenak itzulpen, ordea, nire arreta irabazi duen beste puntutxoa da, “Euzko Gogoa”-ren bertsioaren azpialdean, euskal bertso ezagun baten estrofa agertzen dela. Aldarrikapenaren adin nagusitasuna kontuan izanda – 67 urte beteko ditu aurten- eta oraindik puntu askotan ezer gutxi aurreratu dela ikusita, pentsatzekoa da Iokinek susmo txarren bat bazuela, paperak edozeri euts ziezaiokeelakoan. Bertsoa hauxe dugu:
 
“Altzak ez du biotzik, ez gaztanberak ezurrik; enian uste errraiten ziela aitonen semek gezurrik”

Ba, hori, atzoko irabazleen promesak bete daitezela, aitonen semeekin aldera ez ditzagun.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es







lunes, 18 de mayo de 2015

DOAKO BARRETERAPIA



Barreterapia ei da, zenbait gaixotasunen sindrometik ateratzeko pertsonen baitan aplika daitekeen metodorik eragingarriena. Gure gizartean gero eta gehiago dira barne sintoma negatiboetatik aldentzeko asmoz barreterapiaren ingurura biltzen diren lagunak. Agian horrek esan nahi du gure gizartearen osasun egoera egunetik egunera okerragotzen ari zaigula, baina badaezpada ere oraingoan silogismoetatik kanpo geratuko naiz. Ez diot inori arrazoirik zerbitzatu nahi, tipo ezkortzat har nazan. 

Aitzitik, nik ere, barrearen onuraz konbentzituta, irakurleari pista batzuk eman nahi dizkiot. Debalde, gainera. Begira: zerrendatxo batean gaixotasunaren balizko zenbait kausa idatziko ditut, negarra sorrarazi beharrean irakurleari barregura eman behar diotenak. Zoaz poliki, lagun, eta ikusiko duzu zein ondorio goxoa duen barreak. Erreza da. 

A.- Jorge Fernandez espainiar Barne Ministroak esan berri du guardia zibilak ez direla EAEtik sekulan joango. (Arnasa hartu soseguz eta ekin barreari)

B.- Raxoyren iritziz ustelkeria ez da bere alderdiaren arazo estrukturala. (Arnasa ... )

C.- Obamak mila dolar baino gutxiago dauka bere kontu korrontean (Arnasa ...)

D.- Franciscok esan du Mahmud Abbas palestinarra bakearen aingerua dela (Arnasa ...)

E.- Esperanza Agirre eta Cifuentesek otoitz egiten diote San Isidrori, enplegua sor dezan (Arnasa ...)

F.- (Irakurri gaurko egunkariko titularrak eta nahikoa duzu zure zerrenda propioa egiteko)



http://www.fentmuntanyaiformacio.es

lunes, 11 de mayo de 2015

OFIZIOA: AITONA (AMONA)



Diotenez, portzentaje txikia ei da beren lanarekin ados eta gustura daudenena. Nik badakit ez naizela berrogeita bost urte luzetan beti atseginez aritu eguneroko beharrean. Bizitzaren arlo guztietan bezala, gora beherak izaten dira lanarekiko erlazio animikoan, inguruko zirkunstantziak izan ohi baititugu gehien bat aldeko ala txarreko norabidea markatzen dutenak. Niri dagokidanez, esaterako, egiterik balitz nire lan-satisfazioaren balantzea zeinu positibokoa izango litzatekeelakoan nago, baina artilunak azalduko lirateke, han hemen. 

Orain, ordea, aitona daukat ofizioa eta bata bestearen ondoren etortzen dira gogobetetzeak, zirkunstantziek ere oso modu zuzenean eragin dezaketen arren. Oso ofizio gutxitan emango da hain poztasun handirik aitona/amonaren kasuan baino.

Aitortu behar dut, titulua eskuratu arte ez niola antzik ere hartzen ofizioaren praktikak duen aberastasunari. Inoren umeekin asko disfruta daitekeen arren - eta zorte handia izan dut alde horretatik- nork bere bilobenganako zubi afektibo sendoa eraiki bitartean ezin da gogobetetasuna bere osotasunean ulertu. 

Aitona/amona ofizioak bere epea du. Ez da betiko. Horregatik aprobetxatu behar da unean uneko sentsazioa, aitona/amona ofizioa inbentatu den ederrena baita. Aitonaren hitza!
 
http://www.fentmuntanyaiformacio.es
  
Argazkiak: www.que.es




lunes, 4 de mayo de 2015

POLITIKA? LEHENGO LEPOTIK!



Maiatzeko hauteskundeak hurbiltzen zaizkigun neurrira begi aurreko espektakulua gero eta negargarriagoa iruditzen zait. Bipartidismoari agur esateko abagune historikoan geundela pentsatzetik betiko ibilbide hautseztatuetatik goazela uste izatera pasatu naiz, eta ez diot egoerari baikor izateko arrazoirik ikusten.

Estatu mailako puzzle politikoari errepaso txikitxo bat emanda ere nahikoa da alderdi politikoak zein nolako saltsa-maltsatan dauden sartuta ikusteko. Txikiak zein handiak, zirkoko funtzioari ekin aurreko urduritasun-zurrunbiloan harrapatuta ageri dira, espektakuluak berak irentsiko ote dituen izututa. Inportanteena ez bide da zer eskainiko dioten sarrera ordaindu duen hiritarrari, nork pistan bere tokia izango ote duen baizik, ekilibrista edo lehoi hezitzailea izan behar duen berdin diolarik. Horixe eta ez beste ezer darakuskigu oraingo panorama politikoak.    

Gobernatzeak ekartzen dituen kontraesan eta arazoak frogatu gabe urtzen ari dira balizko gobernu aukera itxaropengarriak. Begi bistan dago hiritargoa amorfoa dela eta sentsibilitate punturik ez darakutsan inoren errespontsabilitatea eskatzea ezinaren hurrena bilakatzen da luzaroan. Eta horrek, beti, boteretsu anonimoen alde jokatzen du, ezker edo eskuinekoa izanda ere.



http://www.fentmuntanyaiformacio.es