BILATU

lunes, 24 de noviembre de 2014

Kondoiak, TIA eta Barne Ministroa



Kondoiek, Ibañez marrazkilariaren TIA espioi agentziak eta Jorge Fernandez Barne Ministroak zerikusi handia dute Celtiberiaren entramatuan. Ez da txantxetakoa. Bestela, irakurri ondoko istorio polita. 

Condonia enpresa katalanak Ministerioaren “Centro Nacional para la Protección de las Infraestructuras Críticas” (CNPIC) deritzanaren Interneteko domeinua bereganatu du, erakundeari sarerako helbidea berritzea ahaztu zitzaion eta. Detailetxo administratiboa, hain zuzen, Spain markaren sendotasuna ostera frogatzen duena.

CNPICren lana da Barne Ministerioko Seguritaterako Estatu Idazkaritzaren ekintzak koordinatzea, konkretuki azpiegitura kritikoetan. Ba, itxura denez Albako dukesaren ehorzketa komikoan edota Isabel Pantojaren kartzelaratze esperpentikoan harrapatu ditu lizentziaren iraungitze datak espainiar agente sekretuak. Eta TIAko Mortadelo eta Filemon ospetsuak baino irrigarriagoak geratu dira. 

Orain Jorge Fernandez ministroaren morroiak negoziaketan ari dira kondoietako arduradunekin, hanka sartzea zenbat dirurekin konpon daitekeen ikusteko.
 Kondoietako zuzendariaren exigentzia ekonomikoaz jabetuta, "Mo me jodas" erantzun bide zion TIAko Super buruzagiaren CNPICeko homonimoak. "Gure lana horretan laguntzea da" aseptiko batekin itxitzat utzi zuen operazioa, diotenez merkatuko preserbatiborik sexyenak saltzen dituen tipo argiak. INRI gehiagorako, Jorge Fernandez Opusekoa bide da. Eskarnioa.

lunes, 17 de noviembre de 2014

Pedrojota: UTZ GAITZAZU BAKEAN!



Orain arte ez bazara enteratu, jakizu gaur, astelehena, ikusiko bide dutela elkar Pedrojota inklitoak eta berak sortu eta hogeita lau urtez zuzendutako egunkariaren jabeak. El Mundoko urak lohituta datoz aspalditik, beraietako uberka ertz-askotako inkilinoek elkarri tiroka ekin ziotenetik, hain justu. 

Gerra gehienetan bezala (ez dut guztietan idatzi, izan diren denen sorburua ezagutzen ez dudalako, eta okertu egin ninteke) dirua izan da gatazkaren ardatza, eta errioxarraren kasuan - diotenez- hogeita hamar milioi euro liteke haserrearen prezioa. Ez da txantxetako arrazoia, ez horixe. Horregatik prest ei dago edozein langaren gainetik igarotzeko. 

Lehengo ostiralean mezu bat jaso nuen - errebotatuta zetorkidan, noski- eta bertan Pedrojotak "nire"  laguntza eskatzen zuen. "Zaren demokrata izanik, ez litzateke gaizki egongo - ziostan kazetari eskuindarrak- El Mundoko zuzendariari eta kontseilari ordezkariari idatziko bazenie txio bat, niri egunkarian idazten jarraitu ahal izatea eskatuz" 

Aitortu behar dut, mezuaren edukiaz jabetu bezain azkar goragaleen gisako sintomek harrapatu nindutela eta higuineko sentsazioak gainezka egin ninduen. Pedrojotak demokraziari dei egiten? Gezurraren bitartez gizartearen beldurra ongarritu duen pertsonaiak ba al du demokraziaren izenean ezer eskatzerik? Ustel zaitez zure miseria milioidunean! Eta utz gaitzazu bakean. 

Oharra: PJren gauzatxoak (besteak beste):
 


lunes, 10 de noviembre de 2014

GUK ERE AHAL GENEZAKE



Aitortu behar dut zurrunbiloaren hastapenetan dena udako ekaitz baten antzera amaituko zela pentsatu nuela. Ez hori bakarrik, baizik eta publikoki adierazi nuen katalanen beste pultsutzat hartzen nuela hura guztia. Kontzertu ekonomikoaren antzerako formularen batekin konformatuko zirelakoan nengoen. 

Okertu egin nintzen eta Kataluniako gizartearen atzoko erakustaldiak garbi utzi du aspaldiko esaera zaharraren egia: gogoa denean aldaparik ez. Azkenik horixe azaldu baitute "polakoek": gogoa ziotela espainiar establishment-ari euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea eurei dagokiela adierazteko.
Orain, unetxo batez, gatozen geurera. Gai izango al ginateke euskaldunok Kataluniakoaren gisako erakustaldia burutzeko? Hamarkadetan euskaldunok izan ginen erreferentzia sistema politiko faxistari aurre egiteko orduan. Eredutzat eduki gintuzten. Baina trena galdu genuen, egokitasuneko trena, hain zuzen, gure arteko gatazka antzu eta ulergaitzetan galduta. Eta,  ez dakit ezkerretik ala eskuinetik, baina  aurrea hartu ziguten Kataluniatik. 

Gizarte katalanak erakutsi  digu posible dela. Guk ere ahal genezake. Uste dut, ordea,  pixka bat aldatu beharko dugula gure sektakeria kronikoan. Bidean al gaude? Pentsatu nahi nuke baietz, aldaketarako gogoa badugula.


Argazkiak: El Pais eta Tere Anda



 

lunes, 3 de noviembre de 2014

AMAREN ESKUTITZAK


1938ko eskutitz bat, zentsura militarrak baimendua

Nire amak oso gauza gutxi kontatu zidan 1936-39ko gerrari buruz.  Sufritutakoaren oroitzapenean ez zebilen eroso eta  aldi latz hartako gertaeren gaineko nire galderei aukera gutxi ematen zien. Askoz gehiago dakit nire kabuz ikertutakoari esker, amarengandik jasotako erreferentziaren bidez baino, nahiz eta hark modu zuzen eta krudelean bizi izan zituen. 

Lehengo astetik, ordea, familiaren gaineko nire ezagutza handitu egin da amari esker ... nahiz eta bera 2.000 urtean hil zen. Ustekabea eskutitz eta argazki batzuen bitartez heldu zait, ama eta izeba nituenek Angelita Loidi Bizkarrondo adiskide errenteriarrari Cambo eta Perigueuxeko  erbesteratzetik igorrita. 1937-40 bitarteko esku izkribu haiek Loidi sendiaren artxiboan egon dira, ahaztuta, eta  zorioneko kasualitate batek agerian ipini ditu.
 
Angelita Loidi Bizkarrondo
Eta amak  zuzeneko eran eskaini  dizkit orduko bere berri eta iritziak, nahiz eta niri zuzenduak ez ziren karta haiek. Baina balio berdina dute. Loidi Bizkarrondo sendiak gordetako eskutitzen bitartez bizi ahal izan ditut nire amarekin, bere anaia fusilatu zuteneko aurreko orduak. Frantzian aurkitu zuten hoztasunaren hurrena ukitu dut nire atzamarrekin eta erbesteratze guztiek dakarten bizipen mingots eta garratza dastatu dut, lehen pertsonan. Eskutitz guzti haiek zentsura militarra igaro behar izan zuten.

Artxibategiko apaIen batean ordudanik isilik egon ostean,  idazki eta argazki horiek gerrako nire senitarren oinazea hurbildu didate. Eta sinadurako Begoña izenaren ondoan duela laurogei urteko malko baten itzala antzeman dudala iruditu zait.