BILATU

lunes, 25 de agosto de 2014

POLITIKASTROEN BARKAMEN ESKEA



Espainiar borboi aforatua izan bide zen lehena eta orain politikastro askok bide bertsutik segitzen dute, hiritar arrunt gizagaixoon harridurarako ahalmena alderantzizko proportzioan txikitzen  den batera. 

"Sentitzen dut, ez da berriz gertatuko" sinestezina bota zigun Urdangarinen aitaginarrebak eta lasai asko erretiratu zen neguko kanpamenduetara, hurrengo aukeraren zain. Gero ilaran jarri zaizkigu bata bestearen atzean hiritarron bozekin agintera igotako lotsagabeen koadrila zabalekoak.

Horra hor, azkenak bakarrik aipatzearren, Pujol molt honorablea, eta inork sinesten ez duen herentzia sonatua: barkamena eskatu digu, burututakoa burutzeagatik. Baina  lasai, dirua ez du itzuliko. Edota Valladolideko alkate aho zabala eta epaitegiko bere ateraldiak: barka dezagun erregutu du, ez zuen esan zuena esan nahi. Baina trankil egon, ostera lotsaraziko baikaitu bere mingain bihurriak. 

Nork bere erruak aitortzea ariketa osasuntsua da, modu psikologikoan eta baita erlijiosoan ere. Gogoratzen dut aitorlekura hurbiltzen nintzenean nire bihotz gaztetxoan damuaren kontzientzia osoarekin botatzen nizkiola bekatuak apaizari, eta infernuko zama itogarritik zeharo libre ateratzen nintzen elizatik. Aurrerantzean zintzoa izateko asmoarekin alde egiten nuen tenplutik … (propósito de la enmienda)  

Horregatik oraingo politiko maltzur horien aitorpen publikoak entzuten ditugunean gure barkazioa suplikatuz, bateon batek kristau argudioa erabiliz erredentzioa luzatu beharko geniekeela pentsa lezake... Baina aitorpena duin eta sinesgarria izateko aitorlearen fede ona dugu ezinbestekoa. Osterantzean ez du ezertarako balio, faltsukerian geratzen da keinua. Eta damua ez zaie fariseo moderno handi horiei  inondik igartzen. 

Horren harira, honatx burura datorkidan galdera sinplea: etakide ohiei barkamena eskatzea exijitzeak konpontzen al du korapiloa? Horretan datza irtenbidea?

lunes, 18 de agosto de 2014

BERTRAND RUSSELL ETA BAKEA





Bertrand Russell britaniarra (1872-1970) bakezale sonatua izan zen XX.eko zazpi hamarkadatan zehar. Aurreneko mundu gerratearen aurkako  kanpaina zabalak eragin zituen konfrontazio armatua gerarazteko eta kartzela pairatu zuen, bere ideia probokatzaileak zirela-eta. Harrez geroztik eta hil arte jo eta ke aritu zen gizadiaren baitan bakearen hazia ereiten. Bistan da, utopiko gehienen antzera, porrot egin zuela. 

Egun hauetan Russellen idazki bilduma bat irakurri dut eta The Saturday Review aldizkarian 1954ko abuztuan "A Prescription for the World" titulupean argitaratua izan da arreta gehien irabazi didana. Ez dut uste bertan adierazitakoa gaur bere osotasunean berriro  idaztera ausartuko zenik, munduko zirkunstantziak aldatu egin baitira eta gizakiok egundoko despisteren zurrunbiloan gaude sartuta. Aipatu artikuluan Russellek munduko nazioarteko gobernu batean jartzen zuen gizadiaren biziraupenerako irtenbidea. Garaiko armen karrera ero etengabean arrisku erraldoia ikusten zuen  eta  lehergailu atomikoaren kontrako bere jarrerak komunista eta kapitalisten mespretxua irabazarazi zion. Ezker eskuin jipoitu zuten, bizitza osoan egin zioten moduan.

Russellek nazioen elkartasunak sorraraz lezakeen gobernu bateratuan ikusten zuen kalamitateen amaierarako abiapuntua. Niri datorkidan galdera da, inork antzematen al du egun gobernu bakarreko aukera nazioarteko eszenatokian? Ez, behintzat epe laburrean, eta - beldurrez diot- iruditzen zait etorkizunak marka lezakeen epe luzean ere posibilitate hori zeharo lurrundua geratzen zaigula. UNOren ekarpen antzu bezain etsigarriak ilundu egiten du bakerako edozeinen esperantza. 

Dena den, russell-zalea naizenez gero ez nioke  esperantzari atea erabat itxi nahi.  Nire nahia hori litekeen arren, munduko mapa politikoaren itxurari begira, ez didazue, jaun andreok, ukatuko gauzak gero eta okerrago jartzen ari zaizkigula. Gizadiaren garapen morala bakean bakarrik lora daitekeelakoan ados bagaude, urrun samar gaude Russellen iragarpen haietatik. Baina horrek ez du esan nahi itxaropena kareletik bota behar denik. Bizirik diraugun bitartean, behintzat.

lunes, 11 de agosto de 2014

DESOMEPILLASFLOJO



Oso ingeles onarekin erantzuten ari zitzaien auskalo nongo bikote atzerritar baten galderei. Gasteizko tren geltokian nengoen eta ilara egiten ari nintzen, informazio puntual bat behar nuen-eta. Leihatilako enplegatuak abegi osoz hartu zuen nire aurrean zegoen bikote gazte hura eta denetariko argibideak ematen ari zitzaizkien. Renfeko informazio iturriekin asebeteta geratuko zirelakoan nago. Ez  zen gutxiagorako,  langile prestu hark erakutsitako arreta zabalari erreparatuz.

Txanda egokitu zitzaidanean, lehiatilaraino hurbildu eta - aitortu behar dut, enplegatuaren hizkuntzetarako trebezia frogatu guran- "txartela urreztatua ateratzeko, zer egin behar dut?" itaundu nion. Eta hantxe amaitu zen Renfe-ko informazio zerbitzuari  "aparteko" bat eman beharko ote nioneko esperantza. Irribarre eta jokaera galaia galdu gabe, "De eso me pillas flojo" lakonikoarekin erantzun zidan langileak, Gaztelako lingua franca erabiltzera behartu ninduela. Hori bai, teorian EAEko  bi hizkuntza ofizialetan idatzitako oharrez josita zegoen leihatilaren ingurua.
 
Beraz, nire aurreko bikote arrotz hark bere herrira eramango zuen ideia (faltsua) zalantzarik gabe, euskaldunok bertako bi hizkuntzaz gain ingelesa ere aise erabiltzen dugunekoa izango zen. Ilaran zegoen euskaldun naizen hau, ordea, gutxietsia sentitu zen, espainiar tren erakundeak ez baitzidan nire hizkuntzan atenditua izateko aukera eskaini. Leihatila okerra? Ez: konpainia gezurtia. Berriz diot: irribarre eta jokamolde onak galdu gabe.

lunes, 4 de agosto de 2014

ZELEDON ETA MUNILLA



Zeledonek etxe berri bat egin ei zuen, bere auzokoen sinpatia bereganatu zuen eta orain herri oso batek kantatzen dio, Mariano San Miguelek  asmatutako kalejiraren doinuaz lagunduta. Gaur arratsaldean milaka hiritar eta kanpotarrek saltoka hartuko dute panpina itxuran zerutik Gasteizera bide datorren alaitasuna (edo hori dio behintzat aspaldiko esloganak) Ez dut uste Munilla gotzaina Andra Mari Zuriaren plazara azalduko denik eta ez dakit inoiz bertan egon ote den ere. Gaurko istorio honi, dena den, bost axola dio zehazkizun horrek.

Munillaz gogoratu naiz, berari ere dagokiolako - egokitu beharko litzaioke, bederen- etxe berri bat eraikitzea, Zalduondoko baserritarrak jasotakoaren antzerako  leiho eta balkoiekin, bertara kristau guztiok ager gaitezen. Etxe berri hori kristau guztiona izan beharko litzateke, salbuespenik gabe, kristautasunaren sortzaileak aldarrikatu eta agindu zuen moduan. Baina badirudi donostiarra ez dabilela oso fin  bide horretatik,  komunio integratzailerako gogo handirik izango ez balu bezala. Horra hor, Gipuzkoako abade ugarik egin dioten protesta , eliz barrutiaren gobernurako daraman ildo ezegokiarengatik. Nota hartuko al du? 

 
Munillarekin segituz, San Ignazio eguneko bere homilia loretsuan erabakitzeko eskubiderako izan zituen hitzak  nire buruan bueltaka dabilzkit oraindik eta kristau izatezko nire apaltasunetik gogoratu nahi diot gotzainari, Jesusek ongi asko erabili zuela eskubide hori, erromatarren edo judutarren aginduetara beharrean bere bideari ekitea deliberatu zuenean. Uko egingo dio gipuzkoar elizaren lehen ordezkariak ikasgai horri?

Susmoa daukat, Zeledoni ez bezala, Munillari ez diola inork etxe berririk egiteagatik kalejirarik eskainiko.