BILATU

lunes, 26 de mayo de 2014

ESPERANZAK ZERBAIT DAKI



Zerbait daki Esperanza Aguirre peperoak nahiz eta ez duen pista handirik eskaini. Zerbait dakiela diot, terrorista bailitzan tratatu dutela aitortu berri baitu "auskalo nork finantzatu dituen" hauteskunde sarao horietako batean. 
Bere hitzek traizionatu dute -ai, isilik baleude!- terroristei komisaldegi eta espetxeetan zein nolako tratamendu ematen dieten badakiela argi utzi baitu, berari eskainitakoa antzerakoa izan dela haizatzean. 

Beraz, Esperanzari airera egindako tiroak, jipoia, hirurogeita hamabi ordutako inkomunikazioa, bainuontzia eta abar aplikatu dizkiotela ondorioztatu beharko genuke bere hitzetatik. Hala deritzait bederen niri. Beraz, horrela bada, ez da harrigarria ministro, presidente eta senatore ohiak bere borreroetatik beldurrez ihes egitea, egin zuen bezala. Nik berdina egingo nuen. 

Baina ezezkotan nago, ez dut uste Aguirre andre txit gorenak bere gorputz eta gogoan ustezko terrorismoari egokitu ohi zaizkion metodoak pairatu dituenik. Ezta urrik ere!  Eta gogora dezagun metodo horien kontra ez duela kondesa dirdiratsuak inoiz bere ahotsa altxatu, beste norbaiti aplikatu zaizkiola frogatu denean. Ezta nazioarteko erakundeek praktika salatu dutenean ere. 

Ba al dakizu zein den terrorista, Aguirre andrea?  Gizartea beldurrarazteko bitarteko deitoragarriak erabiltzen dituen pertsonaia, hain justu. Gezurra barne, jakina. Eta zure moduko gizakiengandik ez dut espero, ponteko izenak eskaintzen ez dizun itxaropen izpi txikiena ere, gezurti eta tranpari borobila baitzara. Higuingarria. Terrorista.

Argazkiak: www.madrid.org; alertadigital.com

lunes, 19 de mayo de 2014

EL PAIS ERE BAI…




Eskuma alderako El Paisen deriba kezkagarria ez ezik argigarria ere gertatu da. Aspalditik zetorren editorial iritzi-moldearen norabidezko aldaketa eta azken hilabeteotan zeharo definitu du bere enfokea, erabakiak har ditzakeen klase politikoa eskumako teoriarekin (eta praktikarekin) lerrotu dela jabetuta. 

Sintoma garbia, beraz, inoiz ezkerraren erreferente izandako medioak etorkizuna non dagoen ikusi duenaz. Europa - bozkatzera joatea eskatzen ari zaigun Europa politikoa- eskumaren besoetara bota da, eta mamutzar administratibo horren sostenguan ezinbesteko pieza pasiboak bilakarazi gaituzten hiritarrok ergel aurpegiarekin segitzen diegu jokoa politiko lotsabakoei, gero eta jipoituagoak garen arren. 

El Paisek - editoriala merkatal iragarpenekin egokitzen duen enpresak- barometro balitz bezala zerbitzatu digu Europaren geroa: ez da zerumugan ezker planteamenduetarako aukerarik igartzen. Presta gaitezen, beraz, ibilaldi luze, neketsu eta garestirako. Gizarte iraultza ez da egingo El Paisen orrietatik. Egia esan, egunkari horren xedeetan ez da inoiz beste asmorik izan, aldeko haizeen eraginez patrika gizentzea baino. Urtetan balizko aukeraren balantzan kulunkatu da, maisuki. Eta orain, itxura denez, jatorri bakar batetik datoz haizeak, epe ertainean aldaketarik sumatzen ez delarik.

A! Igandean europar hauteskundeak ditugu. Nori eman botoa? Zuk aukeratu (nik egin dudan bezalaxe)

 

lunes, 12 de mayo de 2014

GURE ESKU DAGO


Mahai  inguru interesgarri batean hartu nuen esku lehengo astean – Karmelo Landa eta Ur Gorostiagarekin batera- Aramaio nire jaioterrian, GURE ESKU DAGO ekintza dela-eta. Euskal Herriaren geroa erabakitzeko prozesuaren ikusarazte berri honetan ostera jarri ditugu euskaltzale baikorrok (erredundantzia ote?) gure ilusioak. Eta han eta hemen eratutako hitzaldi, mahai inguru eta jaialdietan ehunka pertsona ari dira makinak berotzen, datorren ekainaren 8an izango den ekitaldi nagusiaren arrakasta ongarritzeko.


Aramaioko nire hitzalditxoaren harira, GED prozesuaren garrantzia hamar puntutan mugatzen dut. Hona hemen hamar puntu horiek (ez dira Hamar Aginduak, jakina):

a) GED ekintza baliagarria da herri kontzientziari eusteko
b) GED ekintzak ez du iraungitze datarik eduki behar
c) GED ekintzak lehenik suspertze/egonkortze kulturalari heldu beharko dio,  euskaldun  askoren ilusioa ez zapuzteko. Horrek erabaki politiko sakonak hartzera behartzen du, batez ere EAEko Jaurlaritza.
d) GED ekintzak, orain, zentro politiko neuralgiko  bakarra eduki behar du (Gasteiz), inora helduko bada.
e) GED ekintzak egun "hotz"  edota "kontra" daudenenganaino helarazi behar ditu bere mezuak, prozesua "arrazoitua" izan dadin.
f) Gizarte bultzada eraginkorrik gabe jai du prozesuak.
g) GED mugimendua egituratu beharko da, alderdi politikoetatik kanpo baina alderdi politikoen ondoan.
h) GEDk eredugarria izan behar du bere ahaleginean, gardena eta irekia. Eta arina.
i) Euskaltzaleok modu kritiko eraginkorrean aritu beharko dugu GEDren barrutik, erabakitzeko eskubidearen gauzaketak gizarte euskaldunaren eskubidea azpira ez dezan.
j) GED mugimenduak  Euskal Herriaren funtsezko eskubideak defendatuko ditu, aske, irekia, eskuzabala, eraginkorra eta solidarioa izateko.

Argazkiak: gureeskudago. net

lunes, 5 de mayo de 2014

GERRA USTELKERIARI



Zuzenean entzun nuen duela egun batzuk Espainiako hego aldeko kafetegi batean. Adineko bi emakume ari ziren eguneko albisteak komentatzen eta arreta berezia eskaini zioten kasta  politikoaren ustezko ustelkeriaren gaiari. "Udaletxean karguren bat banu, nola ez nuke sartuko lan egitera nire senitartekoren bat langabezian balego?" bota zuen lasai asko haietako batek, bigarrenak "Noski!" borobil batekin erantzuten ziolarik, lagunaren baieztapena guztiz logikotzat hartuz. 

Eta  gure artean gertatzen ari denak irtenbide konplikatua duela pentsarazi zidan elkarrizketa hark. Erroetaraino daukagu sartuta ustelkeria, gizarte-eraikinaren oreka arriskutan dago eta giza norbanakoak gero eta sorgorragoak gara arazoaren aurrean. Pixkanaka zoru etikoaren mugak desagertzen ari zaizkigu.

Nola eman dakioke buelta korapilo nazkagarri kirastu horri? Nola sor liteke lege egitura berri bat ustelak eta ustel-eragileak delituaren araberako neurriekin zigortzeko? Ai ene! Hori ezinaren hurrena dugulakoan nago, gurpil eroaren dinamika zentripetoak harrapatuta baikaude. Indar ziklopeoa beharko dugu osoko usteltze prozesuari freno ipintzeko ... Baina lantegi erraldoia den arren ezinbesteko ariketa dugu berrarmatze etikoari ekin ahal izateko.