BILATU

lunes, 28 de abril de 2014

ZERUAN ERE DIFERENTE?



Eliza katolikoa klub pribatu bat da. Handia, hori bai. Nik ere daukat karneta, nahiz eta denboraldi luzexka daramadan asko erabili gabe. Elkarte guztietan legez, kideen iritzi eta pentsamoldeak ez datoz beti bat elizan eta nork bereak defendatu nahi dituenean zailtasunak eduki ditzake behar bezala aritzeko, gizon-emakumeok sortutako erakundeak ez baitira inoiz horiek osatzen duten kideeen nolakotasunetara ehuneko ehunean egokitzen.

Atzo bi dohatsu santu bilakatu zituen eliza katolikoak. Frantzisko Aita Santuak erabaki salomoniko samarra hartu behar izan du, katolizismo hertsienaren bultzada itogarri bezain ilunaren aurrean. "Karol Josef nahi duzue santu? Ba, orduan baita Angelo ere bai!"  pentsatuz, batera jaso ditu aldareetara polakoa eta italiarra, bakoitzak bere jarraitzaileen txalo eta malkoak isuraraziz.

Eta gaur, egun aintzatsu horren biharamunean, nigan betiko galdera biluziak segitzen du erantzunaren isiltasunean oihartzuna birsortzen: batzuen eta besteen munduko konportamenduei erreparatuz,   zeruan ere diferenteak izango al gara?



Argazkiak: puertpixel.com; aciprensa.com

lunes, 21 de abril de 2014

AMB TOTS NOSALTRES!



Bai: gure artean daukagu! Jaio da Edurne gure lehen biloba,  Mediterraneoko urdin argitsuaren babespeko Alacanteko giroan. Aitona berri izatezko musua ipini zaidala diote  lagunek eta nik kontrakoa ez egitea erabaki dut, Edurne txikiak hori eta gehiago merezi baitu. 

Munduratu da nire lehen ondorengo zuzena, Euskal Herritik kanpoko  zeru zabalera ohitu eta garatuko dena, eta esentzia-pertenentzia-nortasun-identitate eta antzeko kontzeptu irristakorren gaineko gogoetak hartu du toki nigan unetxo batez. 
Baina aurki heldu diot egia handia dastatzeari eta pertsonaren zeinua izarretan ez baizik eta nor beraren borondate eta deliberamendu askean datzala gogoratu dut. Horregatik Edurne txikia berak nahi duena izango da. Dena den, bere aitona-amona euskaldunen aurreneko biloba maitagarria izatearen adierazlea eramango du beti berarekin. Hori fijo.

lunes, 14 de abril de 2014

PALOMARESEKO BONBAK

Tito del Amo
Tito del Amo izan genuen ikerketa kazetaritzaren adibiderik sonatuenetakoa iragan mendeko Espainia zeltiberikoan. Bere izena ez zen mingainez mingain ibili... eta irakurle gehienentzat zeharo ez ezaguna izango da. Baina esaten badut Tito dugula, bere anaia Andrerekin, 1966an Palomaresen eroritako lehergailu atomikoen gainean aurreneko albistea eman zuena ... ziur nago irakurle askok gogoratuko dutela bi amerikar hegazkinek talka egin zutela Palomareseko zeruan 1966ko urtarrilaren 17an. 

Uretara eroritako lehergailu atomikoa, behin berreskuratuta
Istripu haren ondorioz, lau lehergailu atomiko - hidrogenokoak- erori ziren lurrera eta itsasora. Azken hori Hiroshimakoa baino hamasei bider indartsuagoa zen. Hala ere, AEBetako eta Francoren gobernuek erabaki zuten ezertxo ere ez adieraztea istripuaren larritasunaz, tripulazioetako hildakoen izenak emateaz aparte. 


Titoren anaia Andrek lan egiten zuen Madrileko United Press International (UPI) agentziarako eta Titok  - biak Mojacarren bizi zirela- lagundu egiten zion freelance gisa. Ustekabean jakin izan zuten prentsak zioena baino askoz larriago zitekeen zerbait gertatu zela Palomaresen. Bertaratu egin ziren, isilpeko ikerketari ekin zioten eta otsailaren 20an "The New York Times" egunkariak publikatu zuen lau lehergailu atomikoen kasuaren primizia. Diotenez, Franco sutan jarri zen eta AEBen gobernuak ez zuen egia onartu berrogei egun geroagora arte.

Fraga Iribarne, bere bainualdi ospetsuan
Martxoaren 8an eman zen istorio haren irudirik esperpentikoena: Fraga Iribarne, Turismoko ministroa, bainatu egin zen Palomareseko itsasoan, urak ez zeudela erradioaktibitateaz kutsatuta frogatzeko asmoz. Gobernu frankistak neurri gogorrak hartu zituen lehen unetik egia estaltzeko. Baina del Amo anaien ausardiari esker lehergailu atomikoen errealitatea azalean geratu zen, Vietnamgo gerra pil-pilean zegoenean. 

Gaur kafe bat hartu dut Titoren txiringitoan, Mojacarren, eta denboraren joanak lausotu ez dion perspektibatik kazetari ohiak zehazkizun batzuk eskaini dizkit abentura ulergaitz haren gain.

lunes, 7 de abril de 2014

ROUCOREN BAKEA



Rouco Varelak abisatu digu: txintxoak izan, bestela gerra zibila etorriko da. Eta Roucok ongi baino hobeto daki nola piztu daitekeen gerra. Behintzat, 1936koaren sorburuan egon zirenengandik entzuteko eta ikasteko zubi zuzena izan du azken berrogei urteotan. Horregatik, jaun andreok, Roucok gerra-bake binomioaz hitz egiten duenean, kontuz!, zerbait daki-eta! 

Espainiar agintarik inguratuta bota zituen Rouco Varelak hitz horiek, egun beste anakronismo itzela suertatzen den zeremonia arranditsu batean. Bakeaz mintzatzen ari zen, nor-eta gizartearen pairamenduaz erantzukizun handia duten politikoek babestutako artzapezpikua. Gehiegi. Hipokresia latza, alde guztietatik begiratuta. Eta Martin Luther King zenak 1967an idatzitako “Nora goaz, kaos ala komunitatea?”  liburuan irakurritakoa gogoratu dut. Honatx: 

“Egun hauetan anbiguetate handi bat ematen ari da, bakea dela-eta. Denek hitz egiten dute gai horretaz, pertsonok lortu behar dugun helbururik preziatuentzat hartzen delarik. Baina erakunde politiko desberdinetako bastidoreen atzean oso bakanak dira haren alde lan egiten dutenak. Askok lau haizetara “Bakea! Bakea!” oihukatzen duten arren, bakea sorrarazten duen guztiari bizkarra ematen diote. Bake hitzaz ahoa betetzen zaie baina, errealitatean, defentsarako aurrekontuak hazten dituzte, armadetarako baliabideetan inbertitzen dute eta gero eta arma beldurgarriago eta oro birrintzaileagoak fabrikatzen dituzte. Bakeaz hitz egiten ari zaigun guztiei aditu beharko bagenie, belarrietatik erokeria sartuko litzaiguke, edozein tokitatik baitatoz  batera berba egiten ari diren haien hitzaldien oihartzunak. Estatu guztietako agintariak ari dira, teorian, bakearen alde, euren arteko negoziaketa mahaietara ezpatak eskuan dituzten gaizkileek zainduta doazenak barne” 

Faltsukeria, hipokresia salatzen ari zen Luther King. Aplika diezaiogun diskurtsoa gaurko errealitateari eta ohartuko gara gauzak ez direla bat ere aldatu. Gerra santuaren adierazpen hutsa da Roucorena. Eta hori, berarentzat, bakea da. Hipokrita!