BILATU

lunes, 24 de febrero de 2014

SEFARDIERAZ



Ezina da zehazki ezagutzea zenbat judu sefardi bizi den munduan. Espainiatik 1492an erbesteratutako juduen ondorengoak ditugu sefardiak eta oraindik arbasoen hizkuntza erabiltzeko gai direla da euren zehazkizunetako bat, beharbada gehien bereizten dituena.

Dirudienez, PPren gobernua prest legoke milioiak izan daitezkeen gizon-emakume horiei espainiar nazionalitatea emateko. Ene ustez, erabaki egokia litzateke eta euren etxeetatik duela bost mende errege katoliko batzuek erauzita izandako giza norbanako haiekiko errekonozimendua burutuko lukete espainiarrek, modu ofizialean. 

Sefardiek bizirik iraunarazi duten hizkuntza ez bide da Espainian XV.ean hitz egiten zena, mintzaira bizi guztien arabera bilakaerak izan baititu, baina ideia bat eman dezake orduko gaztelaniari buruz. 

Nire bibliotekan badaukat 1978tik sefardieraz publikatutako “Aki Yerushalayim” aldizkariaren ale bat.  Lau hilabetekaria zen, eta nirea 1983ko urria-1984ko urtarrila aldiari zegokion. Bertatik kopiatu dut ondoko lerro-aldia: 

“Se puede konservar una lengua eskrita ma es imposivle de tener una idea de la manera en la kuala era prononsiada unos kuantos sienes de anyos atras. En el  kavzo del espanyol avlado en el siglo XV, la kestion es diferente, siendo ke los sefardis konstituyen asta oy una manera de disko de gramofono bivo de esta lengua, tal ke era avlada unos 500 anyos atras.
 
Las partikularidades fonetikas del djudeo-espanyol ya fueron examinadas i analizadas en los lavoros echos por diversos investigadores, algunos de los kualos ya fueron mensionados mas ariva. Sigun la opinion de munchos de estos espesialistos, la prononsiasion del djudeo-espanyol por los sefardis tiene muncho kon el katalan, el asturiano, el gayego, el portugez, el leonez i en fin, el kastiliano. 

El profesor Estrugo eskrive ke oyo kazalinos de Andalusia dizir “semos” “aiga” “por la salu de mi mare” etc. Exaktamente komo los djudios en la djuderia…”

Interesgarria. Nola ahoskatuko zen euskara duela bost mende?


Bigarren argazkia:yadbeyad.wordpress.com
 

lunes, 17 de febrero de 2014

BERROGEI URTE EUSKAL IDAZKUNTZAN





Berrogei urte  bete berri ditut euskal idazkuntzari lotuta. Nork esango zuen 1974ko urtarrilaren iluntze hartan, Underwood idazmakina zaharraren aurrean jarri nintzenean, berrogei urte geroago une haiek errekreatuko nituela, non eta zer arraio izan zitekeen artean asmatzerik ere ez zegoen blog izeneko honetan. Zeruko Argiako lehen artikulu hari milaka kimu irten zitzaizkion urteekin. Polita. 

Aldatu zaizkigu baliabide teknikoak, komunikatzeko bitartekoak ... baina idazteko nire gogoak (premiak) berean segitzen du, indartsu, ezinbesteko bizi baldintza bilakatu baitzitzaidan ... ia-ia idazteari ekin aurretik. Berrogei urte bizitza oso bat da, plis-plas batean joanda, alperrik galtzen ibiltzeko. Baina orain atzera begira ari naizenean jardunak merezi izan duela ondorioztatzen dut, oroitzapen onak eta ez hain onak nire literatura-balantzan ipinita.

Ez dakit ostera jaioko banintz euskarazko literatura sortzeari helduko niokeen. Duela berrogei urteko baldintza soziologiko eta kulturalekin topo egingo banu, zalantzarik ez daukat baietz, egingo nukeela. Alde horretatik zorte handia izan dut, itsasbazter huts eta ilunetik hodeiertz berrien bila abiatu nintzenetik aldeko haizeak izan baititut gehienetan nirekin. Abenturarako erabakia hartu nuenean une egokia bide zen. Baina hori oraintxe dakit, berrogei urte igaro ondoren. Abiatzear nengoela, ordea, ezerk ez zidan etorkizuna iragartzen.

Itsasaldian segitzen dut eta haizerik ez denean arraunei helduko natzaie. Nabigatzea da xedea..

lunes, 10 de febrero de 2014

LATROZINIOA ERREGE



Nola da posible erkidego oso bat bizi izatea aitorpenik gabeko ekonomiaren geruzapean? Nola arraio eraiki daiteke gizarte zerbitzu sarerik zergak ordaindu gabe? Non oinarritzen da lurralde horretako biztanleen biharko lan-sarien ardatza? Horiek nituen, iragan asteko arratsalde batean  lagun batzuek gonbidatuta, Valentziako txinatar merkatu erraldoia bisitatzera hurbildu ondoren bururatu zitzaizkidan galderak. 

Txundituta geratu nintzen bertako merkantzia trafikoarekin! Espainia guztiko bezeroen ilara luzeak ziren nonahi ikusten, furgoneta eta kamioiak kargatzeko iritsiak. Jakina, gehienek - denek ez idaztearren- BEZ ordaintzeari muzin egiten zioten. Hau da, existitzen ez den ekonomiaren pioiak genituen. Ekonomia beltzaren hedapena olio-tantaren antzera doa bere eragina zabaltzen eta ez da lur ertzean marea iruzurgilea geldiarazteko ahalmen ... eta gogorik antzematen.

BEZa aipatu dut baina PFEZ (IRPF) ere aipa nezake, segurantza soziala eta gizarte normalizatua osatu ahal izateko ezinbestekoak diren gainerako tributuekin batera. Latrozinioa nagusitzen ari  da gure ekonomian, eta ez bazaio behar bezalako neurririk ezartzen gureak egin du, lapurren erresuman  ez baitago itxaropenik lapurrentzat eurentzat ezik. 

Ezagutzen dut, oso ongi zihoan euskal enpresa baten kasua ... jabeak itxi behar izan duena. Ez al da kontraesana? Ongi joan eta itxi? Nola da posible? Arrazoi sinplea: enpresako bezeroak ez zeuden prest produktuak BEZaren "errekarguarekin" ordaintzeko! Eta enpresariak diru beltzean kobratzeari heldu dio. Beraz, enpresa desegin du eta ondorioz langileak segurantza sozialetik bajan eman ditu eta bere hornitzaileei mahai azpitik erosten die lehen gaia eta ... Labur bilduz: agur ekonomia arautua, agur langileen eskubideak eta agur lanaren balio sakratua. Horien ordez, oihan beltzeko lege gupidagabeak hartu du tokia, denon konplizitatearekin. Eta banaka batzuen onurarekin. Amildegirantz goaz.


Oharra: Urdangarin, bere emaztea eta besteen diruak lapurtzera ahalbidetu dieten guztiak, existitzen ez den ekonomiako adibiderik garbienak ditugu. Latrozinioaren errege-erreginak dira.

lunes, 3 de febrero de 2014

ESPAINIAR ATZERRI LEGIOA GUREAN



Ez doaz, ez. Espainiako tropek gure lurraldeak zapaltzen segituko dute eta horrela samurrago igoko ahal izango dira noizik behin Gorbeiako tontorreraino, "Hemen gaude" argi eta ozenki adieraztera. Gure artean geratzeko asmo hori komunikatu berri digute espainiar Defentsako Estatu Nagusitik, esperantza faltsurik egin ez dezagun, eta Araka, Loiola eta Mungiako kuarteletan atzerri legioak bere indar erakuspenak egiten jarraitu ahal izango du, ad maiorem Hispania gloriam, piper potea lau haizeetara kulunka dabilen bitartean. 

Eskuin muturreko FAES  elkartearen azken txostenaren edozein ertzetik begiratuta, Euskal Herriko separatismoak gizarte haustura ekarri  du eta horrek zigor bat behar du. Hortik ari dira Aznar, Mayor Oreja, San Gil eta enparauak ordena apur bat ipini guran guk sortutako nahasi arriskutsuan eta horretarako bikain etorriko zaie espainiar tropen laguntza (1) Euskal sezesionismoari indarren arrazoiarekin egingo zaio aurre beste behin. Egoskorrak bide gara euskaldunok eta, FAESeko adiskideen iritziz, behar bezala ikas dezagun egur apur bat ez zaigu gaizki etorriko.

 (1) Oharra: PSOErekin ez litzaiguke hobeto joango.