BILATU

lunes, 15 de septiembre de 2014

EMOZIOAK



Emozioz beteriko asteburua izan dut. Polita. Bizitza bizitzeak merezi duela garbi erakusten duten mugarritxoak izan ditut iragan ostiral eta igande bitartean. Gizon-emakumeon ukiezinezko balioen balantzeetan sustrai bereziz kokatzen dira emozioek sortutakoak eta asteburu luzexka honetan egundoko irabaziak lortu ditut, jadanik nire balantze propioan ageri direnak. 

Bere apaltasunean zirrara berezia markatu zidan atzo goizean Ibabeko Kofradiaren jaiak Aramaion. Duela lau ehun bat urtez geroztik egiten den bezala, Ibabeko kofredook eskaintza xarmanta egin genion Ibabeko Andra Mariri, batzuek fedetik gainerakoek usadio arrazionaletik. Zahar eta gazte, emakume eta gizonezkoak berriz bildu ginen ermitako zelaira, auskalo zer den horrek erakarrita.

Larunbatean Edurne nire biloba alacantarrarekin  paseatu ahal izan nuen aurreneko aldiz herriko kaleetatik barrena, bisitan etorri baita. Ziur nago bere bost hilabeteetako inozotasunean ez zuela ibilalditxo horrek nigan pizturiko sentimendua igarri, baina nik gogoan edukiko dut beti. 

 
Punturik zirraratsuena, ordea, ostiral arratsaldean eman zen, arrasatear berri baten jaiotzarekin. Hilabetetako presioak eztanda egin ondoren emozioak gogoa urtarazi zigun eta urduritasuna poztasun irekia bilakatu zitzaigun mutikotxoaren iristearekin batera. Ez dakit ostiralean jupiter eta marte lerrotuta zeuden ala ez lur planetarekin. Zalantzarik gabe, ordea, ortziaren keinu irribarretsua lurralde ospitaleraino heldu zen eta atean jo zuen: Urtzi nauzue. Nire biloba zen, bigarrena zerrendan, eta jadanik adiskide handia dudana.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada