BILATU

lunes, 29 de julio de 2013

ATERA ZAITEZTE KALERA!




Iragan asteko albistegia beteta gertatu da hainbat eta hainbat berrirekin. Kolore anitzeko jazoerak izan dira eta hausnarketarako motibo asko eskaini dizkigun arren albiste batekin geratzen naiz.

Francisco Aita Santuak Brasilera buruturiko bidaiak lerro ugari idazteko bidea eman du. Munduko Gazteriaren Topaketak izan dira Rion eta duela bi urte Madrilen Benedicto XVIren agindupean egindakoekin alderatu nahi izan dut. Bi diskurtso guztiz diferenteak izan direlakoan nago. Duela gutxi idatzi nuen Francisco oraindik inkognita bat dugula. Denbora behar da edozeinen  aktibo eta pasiboa kritikatu  aurretik eta Vatikanoko oraingo buruari  denbora tarte bat utzi behar zaio, eliza katolikoa norantz daraman behar bezala  epaitzeko. 
 
Madrilen abortu eta eutanasiaren inguruko hitzak izan zituen Benedicto XVI.ak gazteentzat. Franciscok, berriz, gazteei euren elizbarrutiak iraultzea eskatu zien, kalera ateratzea eta elizaren zimenduak astintzea. "Eliza ez bada kalera agertzen ONG bilakatzeko arriskutan dago" azaldu zien.
 
Kalera atera behar du elizak, bai, bere aztura eta jantzi zaharkitu bezain ozpinduak ahaztuz. Kalera atera, zanpatuekin, baztertuekin, pobreekin eta gizakien zein herrien arteko elkartasunean sinesten dutenekin batera aritzeko. Hitzetatik egiteetara  igaro behar du elizak, ilunpeko praktika ustelgarrietatik urrun. Irakatsi behar du ereduarekin, premia material eta izpiritualean daudenei eskua luzatuz, injustiziak epelkeriarik gabe salatuz eta guztientzako elizaren ateak zabalduz.
 
"Bazter ditzagun elizan mundukeria, erosokeria eta klerikalismoa, eta goazen kalea iraultzera" planteatu zien Franciscok gazteei, zer entzuten ari ziren sinetsi ere ezin zuten gotzain eta egiturako pieza obsoletoen aurrean. Orain arte, bederen, itxaropenean ereiten ari da Jorge Mario Bergoglio. Jasoko al du uzta?

lunes, 22 de julio de 2013

ERGELAK ALA GEZURREZKOAK



Ergelak dira ala gezurrezkoak ditugu. Zertaz ari naizen? Adibide argigarri bat jarriko dizuet eta konturatuko zaretelakoan nago. 

Behin -aspaldi, eta hain aspaldi!- enpresa mundu gordinean ari nintzen urteetan, beste zeregin batzuen artean diru beltzeko funts baten kudeaketa egokitu zitzaidan. Altzairuak irabazi handiak eragiten zituen artean eta dena ez zen garbia negozioan. Mahai azpiko ordainketak ohikoak genituen eta den-denok genekien horrela ibili behar zela merkatuan. Iluntasun hartako nire aurreneko operazioan diru kantitate bat eman behar izan nion bezero bati. Haren eskuetan sobrea jarri ondoren, nire inozokerian papertxo bat luzatu nion bezeroari bere sinadura eskatuz. Bai, egiaztatu nahi nuen nire eskuetatik ateratako sosak bere patrikara igaro izana. Horrela nire nagusiei operazioaren amaiera ona zuritu ahal izango niela uste nuen. 


Tipo haren erreakzioak, ordea, errealitatera eraman ninduen:  "zer diru eman didazu, bada?" Eta instantean ulertu nuen: diru beltza ez da existitzen, beltza izango bada.  

Nola arraio firmatuko zidan tipo hark ezer, baldin eta niri zegokidan lana dirua katakunbetako putzu ilunetan gordetzea baldin bazen? Izenpetzeak naturazko egiaztapena eman ziezaiokeen iruzurrari eta horixe bera ekidin behar nuen nire artapenean. 


Barcenasek "jaso nuen" sinatuak baldin baditu –“El Mundo” egunkariak azalerazi dituen moduan- despistaturen batek egin behar izan zituen halako hanka sartzeak, eta huts horiengatik nik  tipo horri gutxienez  bi zigor jarriko nizkioke: bata tranpak egiteagatik eta bigarrena ergel maiuskulua izateagatik. Eta gezurrezkoak -faltsuak- badira paper eta sinadurak Barcenasi bizi bitarteko hiru kondena emango nizkioke, atxilotik inoiz atera ezineko azpimarrarekin: aurrena lapur zikina dugulako, bigarrena gezurti konpultsiboa delako eta hirugarrena bera ezik gainerakook alu hutsak garela uste izan duelako. A! Edozein kasutan, paperak egiazkoak direla frogatuko balitz ere,  PPko diruzain ohiak, lehen bi arrazoiengatik, bizi guztirako zigor bana jasoko lituzke. Beraz, nire eskuetan balego, pepero ilustrea ez litzateke kartzelatik sekula irtengo. 

Oharra:  EAEko PPk ez du ezer frogatu, Barcenasen alderdiaren hemengo adarraren aurkako salaketa desaktibatzeko. Kontabilitate ofizialaren oreka besterik ez du erakutsi, gastu eta diru sarrerei dagokienez. Horixe bakarrik falta zitzaigun, A kontabilitean ere deskuadreak agertzea! Alde horretatik bide datoz Samper eta Quirogaren azken aitorpenak. Ohoretu egiten dituena.

lunes, 15 de julio de 2013

Kafesne bat, mesedez // ZER?



Oso arrazoi mingarriek eraman naute astean Donostiako bi osasun-zentrotara. Euren eraginarengatik zerbitzu espektakularrak eskaintzen dituzten eraikinak dira, modernoak eta bezeroarenganako -gaixoarenganako- aproposeko arreta eta zaintza bitartekoekin hornituta.

 Aspaldi ez bezala, barne harremanetarako hizkuntzan ere aurrera egin dugula nabarmendu behar dut, gero eta ugariagoak baitira euskaraz aritzeko gai diren mediku, erizain eta gainerakoak. Normala, jakina, euskarazko heziketan azken hogeita hamar urteotan inbertituriko dirutzari erreparatuz. Oraindik tarte handia geratzen da normaltasunera iristeko baina aurrera goazela esan daiteke.

Bitxia da, ordea, bi zentro horietako kafetegietan euskarari ematen zaion tratamendu kaskarra. Haietako zerbitzuak erabili behar izan ditudanean ez dut euskaldun bat ere aurkitu. Hainbeste kostatzen al da, ustiapenaren konkurtsoa ateratzen denean euskaraz zerbitzatzekoaren aldeko klausularen bat jartzea? 

Badakit kafea edota ogitartekoa ez liratekeela horregatik hobeak izango, baina seguru nago euskaldunoi goxoagoak irudituko litzaizkigukeela.

lunes, 8 de julio de 2013

GUATEMALA, ZAITEGIREN AMETS USTELA



(Nazioaniztasunaren ordezkari txiroa den  Evo Morales bolibiar presidentea oroituz, mendebal-balore ukitu ezinen defendatzaileek gutxietsi duten egunetan)


Iokin Zaitegi euskaltzaleak ederto ezagutu zuen Guatemala. Goitik behera arakatu zituen gizarte guatemaltarraren maila desberdinak. Errepublikako presidentearen lan gelara sartzen zen erraztasun berdintsuarekin bazkal zezakeen indioen txabolarik txiroenean. Eta horregatik zekien Zaitegik kanpo laguntzarekin gizentzen ari zirela gizarte ustelgarri hartako borrero izango zirenak.


Euskal Herrira behin eta betiko iritsi zenean, 1972an, Guatemalako nazionalitatea ez ezik herri haren esentzia zekarren Iokinek bihotzean. Eta bere biografia-libururako egin nion elkarrizketa batean erantzun zidanez etorkizun handiko lurraldetzat zeukan
Guatemala.

Inoiz heltzen ez den unea da etorkizuna  eta nik ezin dut zehaztu non  jarri zuen Iokinek bere iragarpena, noizko uste zuen berak emango zela nazio haren loraldia. Esan dezaket, ordea, gaur eguneko Guatemalari erreparatuz Zaitegi oso igarle txarra zela,  huts galanta egin baitzuen prospekzio hartan.

Guatemala dugu munduko lurralderik beltzenetakoa giza eskubideei dagokienez. Rios Montt presidente satrapa eta iluminatu ohiaren kontra duela hilabete inguru emandako sententzia baliogabetzeak erailketa, bortxaketa, lapurreta eta genozidio baten historia babestea adierazten du. Herri xumeak oraindik erakuts dezakeen duintasun mehatxatuari ostikada berri bat eskaini zaio egitura judizialetatik, indar zapaltzaile eta oro xurgatzaileen izenean. Borreroek irabazi dute beste behin oligarkiaren txalo artean. Eta kanpo laguntzaileen begirada babeslearekin. Zaitegiren sasoitik atzerantz egin du Guatemalak, intelektual arrasatearraren ustea zapuztuz. Tamalez.

Argazkia: www.csatravels.com

lunes, 1 de julio de 2013

SATYAGRAHA


Satyagraha da Luis Avinareta adiskideak argitaratu berri duen  liburuaren titulua. Azpititulua, berriz, honakoa du: XXI gizaldiko injustiziari bortizkeriarik gabe borrokatzeko beste modu bat. 

Eskuetaratu bezain azkar harrapatu  ninduen testuak eta eseraldi bakar batean irentsi nituen berrehun orrialdeak.  Internet bidezko espioitza  da liburuaren gaia eta egileak teknologia berrien ezkutuak ongi ezagutzen dituenez gero liburuak askoz gehiago dauka errealitatetik fikziotik baino.

Egun hauetan ere britainiar eta estatubatuar espioitza zibernetikoaren albisteak iristen ari zaizkigu eta boteretsuen eskuetan zer nolako panpinak bihurtu garen egiaztatu ahal izan dugu medioen bidez. Ez gara ezer. Goitik beheraino gaude kontrolatuta,  ziega erraldoi eta ilun batean preso, kolore askotako paradisuan bizi garela irudi dakigukeen arren. Nola engainatzen ditugu geure buruak! 

Baina nire adiskideak itxaropenerako bide bat azaltzen digu bere eleberrian. Eta munduko ondasunaren %90 banaka batzuen esku dagoenez gero goseak eta sendagailurik ezak egunero milaka ume hiltzen dituzten bitartean formula bat eskaintzen zaigu liburuan injustiziari aurre egiteko. Hain zuzen ere, teknologiek ahalbide dezaketen gaitasun osoa erabiliz ... enpresa arbuiagarriek besteen miseriaren gainean garatutako tramankuluen euren bitartez. Zertarako-eta, gizakien arteko desberdintasun salagarrien aurrean beste norabait begiratzen duten politiko, lehen ministro, goi funtzionario eta erakunde zapaltzaileak lur azaletik errotik desagerrarazteko. Gaizkileei euren monetarekin berarekin ordaintzea da fikzioaren ardatza, haiek darabilten bortizkeria erabili barik.

 Fikzioak esperantzarako zirrikitua irekitzen digu, beraz, eta ni gerra horretara apuntatzen  naiz, errealitatea alda genezakeela konbentzituta. 

Oharra: Satyagraha, Gandhik proposatutako borroka ez bortitza da, eta hitzak egiaren indarra adierazten du.