BILATU

lunes, 27 de mayo de 2013

IRUZUR FISKALA, IZURRITEA



Apple konpainiak mila milioi mordo bat euro aurreztu zituen iaz zergak AEBetan ordaindu beharrean Irlandan egiteagatik. Kontuan izan ez garela hirugarren munduko lurraldez hitz egiten ari! Eredugarria, bai jauna. 

Hiritar arrunta ahoa bete hortz geratzen da - naiz- horren gisako albisteak irakurtzean. Eta horren adabaki xehe gisa Merkelek diosku, Europar Batasunean urteko bilioi bat euro galtzen dela iruzur fiskala tarteko. Barkatuko dit kantzilerrak baina ezin dut konprenitu horrenbeste desproposito. Iruzurra izurrite bihurtu da.

Makineria funtzionarial ikaragarria daukagu Bruselan. Auskalo zenbat kostatzen zaigun Belgika eta Luxenburgoko hiriburuetan gure ekimen zalantzagarriak eraikitako egitura erraldoitzarra! Eta zertarako? Europar Batasuna, beste ezertarako bokaziorik ez duenez gero, ekonomia azpiegitura ordenatzeko antolatua bada, nola demontre egon daiteke legeria egoki bakar eta oro jagolerik gabe? Galderak ez dira gutxi, eta erantzunek ez dute iluntasuna argitzen, interes gehiegi baita tartean. 

Europako goi politikoen uneko aieneetan sinesmen gutxi jartzen dut, bakoitzaren ohiko joko ezleialei erreparatuz.  Horregatik,  normalena litzateke balizko lege-koordinazioak eragozpen ugarirekin talka egitea. Eta artifiziozko suak piztuko dizkigute despistatzearren. Izan ere, nork jarriko die lepoan lazoa, eskuak multinazionalek lotuta dituzten estatuei?  Eta gurera estrapolatuz, nola nahi dugu aurrera joan iruzurraren kontra, baldin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datu fiskalak konpartitzeko arazorik bada?  Eredugarria, baietz!

lunes, 20 de mayo de 2013

INTSEKTUAK JATERA GONBIDATU GAITUZTE



FAOk  irtenbide bat erakutsi berri digu munduan pairatzen den gosetiari aurre egiteko. Intsektuak jan beharko genituzkeela dio: goxoak, mamitsuak, osasungarri eta gizentasunaren kontra aproposak direlakoan. Esker mila UNOren erakundeari bidea erakusteagatik! Ez genuen inoiz hain konponbide erosorik irudikatuko. Baina horretarako ditugu gure diruarekin ordaindutako tekniko burutsuak, ezta? Kostata baina azkenik

 Bere sorreratik - 1945- handik eta hemendik ikertzen ibili ondoren faokideek ikusi ei dute gosetia munduko azaletik erauzteko ez dagoela gizakiok lerroan jartzerik eta, beraz, mendira jo beharko dugula abisatzen zaigu, han baitaude gure zain matxinsaltoak, kirkilak, kakalardoak,  txitxarrak eta espezieko gainerako mamutxoak. Horiek dira gure betebeharrak asebeteko dituztenak! Bejondeiela hain gizon-emakume jakintsuei! 

Huts bat ikusten diot, ordea, proposamenari: zer egingo dugu Nestle, Unilever, Pepsi eta elikadura sektoreko beste erraldoiek munduko intsektuen gaineko jabetza eskuratzen dutenean? Izan ere, benetan pentsatzen al dute luze iraungo luketela domeinu publikoak izaten animaliatxo horiek? Kontsumorako gai den guztiak prezioa dauka. Horretan datza, hain justu, munduko gosetiaren  arrazoi nagusia.  Justiziaren desorekaren muina kontsumoaren grina induzituan daukagu. Horrela, hain xinple. Horregatik,  uste dut FAOk beste bueltaren bat eman beharko liokeela bere teoria ponpoxoari.

lunes, 13 de mayo de 2013

ERDI AROKO EUSKARAZKO LEGEEN BILA



Ni ez naiz historialaria. Are gutxiago historia egilea. Eta iraganaren irakurle zintzo izaten segitu nahi dut, horrela bakarrik elikatu baitezaket nire jakin mina. Ez zait interesatzen ezeren gaineko teoriak iluntasunetik bilbatzea ezta inori ikasgai zalantzagarri eta frogarik gabeak erakustea. Ispiluaren efektuan dut nire ahalegin apala oinarritzen, nik ikusten dudana besteei modu berean azalduz, xumeki. Ispiluak dakarkidan irudi zuzena, alegia, argitan eta erreflexu distortsiotzalerik gabe. Eta ihes egiten dut interpretazio subjektibo guztietatik, horrexegatik hain zuzen, subjektiboak direlako. 

Orain etorri da historia egile bat eta esaten digu, beste teoria batzuen artean, "arressatearrak" gizarte propio eta herri libre  izatetik -lege propioekin eta guzti- herri konkistatua izatera pasatu zirela. Hain baieztapen borobila polita izango da baina libre eta konkistatu kontzeptuak irristakorrak zaizkigu, are gehiago 800 urteko perspektibatik eta, batez ere, gizarte haren gaineko bat ere erreferentziarik gabe gaudenean. Baina, tira!, zalantzaren irabazia emango diogu historia egile horri.

Zur eta lur utzi nauena, ordea, "arressatearrak" euskaraz idatzitako legeek babesten zituztela irakurtzea da. Zeintzu lege? Aplikatu al zitzaizkien inoiz? Aurki al dezakegu inon horien konpilaziorik? Gustatuko litzaidake horren berri objektiboa izatea, ispilu efektuari eragiten segitzeko. Ez ditut  bertsioak maite, orijinalak baizik, gehien bat historian. Aldez aurretik, mila esker.

lunes, 6 de mayo de 2013

ZENTRALISMOA GORANTZ



Espainiako zenbait herrialdetan zentralismoaren besoetara itzultzeko ametsetan ari direla informatu berri zaigu. Horrela adieraztea  nahikoa da ehuneko garai batean asmatzeko zein lurraldeei buruz ari den albistea, zentralismoa ez baitator bat periferiarekin. Autonomia maparen hastapen haietan geundela, Madrilera autoz, trenez edo hegazkinez iritsita errezibitzen zintuen aurreneko albistea "Vives en comunidad" iragarki adierazgarria zen. Madrildarrek gogoko zuten  komunitate bakarra auzoena zen, eta ez zuten ongi ulertzen zergatik bultzatzen zituzten bizitza desberdin batera arrazoi politikoengatik, ordura arteko aginte eskarmentua  beti aldekoa izan bazuten.

"Denontzako kafesnea" politika engainagarriaren garuna zen, periferiakook ere ulertzen ez genuena, baina zio desberdinarengatik, noski: zertara zetorren artifizialkeriara jotzea, inondik errotuko ez zitzaizkien sentsazioak (ez dut idatzi, sentimenduak) pizteko? Erantzuna garbi zegoen: arriskutsua zen euskaldunen eta katalandarren aldarrikapenak zuzeneko ihardespenarekin asetzea. Eta inbentatu egin zuten autonomietako Espainia ilogikoa.

Baina orain, krisi ekonomikoaren isats beltzak bazterrak astintzen dituenean biziraupenerako sentsazioa da lehen lerroko betebeharra eta gainerakoak desagertu egin daitezke. Hori erreakzio normala da bizitza-baldintza logikoetan. Artifizialtasunean, ordea, inoiz berentzat hartu ez dituzten gaietarako hiritarren erreakzioak guztiz zentzu negatiboa ager dezake.  Eta negatibotasun horrek muturreraino eraman ditzake hiritarrak, gezurrezko geruza batekin estali zaizkien sentimenduak azaleraziz: eurak, berez, zentralistak dira, "autonomia de mierda" guztien gainetik.