BILATU

lunes, 27 de agosto de 2012

IZAN ZIRELAKO IZAN GINTEZKE




Urriaren 21ean ezagutuko dugu zehazki zer nahi duen oraingoan  EAEko biztanlegoak.  Eta handik aurrera alderdi politikoei egokituko zaie aliantzen entramatua eraikitzea, hurrengo lau urtetarako ibilbide politikoari mugak ipintzeko. Nolako zeinuak  izango dituen kinielak?  Inork baleki!

Abuztuaren 25ean –herenegun- ehun urte bete ditu Aramaioko Batzokiak. Duela mende bat esan izan baliote Domingo Etxebarriari - herriko EAJren aurreneko lehendakariari- 2012an Aramaion abertzaleak gehiengo osoa izango zirela... ez zukeen sinetsiko. Eskuin kontserbadoreak -karlismo jaimista- nagusitasun iraingarria erakutsiz, jelkideen ahaleginak porrotean erretzen zituen orduko udal politikan. Ez zegoen egoera aldatzerik, eta kazikismo antzugarriaren garroek aramaioar abertzaleen itxaropenak itotzen zituzten etengabe.

Antzerakoa gertatzen zen Euskal Herriko gainerako herrietan, euskaldunok gure etorkizunaren erantzuleak izan gintezkeenaz jabetu barik. Espainiar kapa beltzak estaltzen zuen soin ezinduaren kontzientzia, ongi eta gaiztoaren arteko marra zabalak kontzientzia horren garapen naturala infernuko betiko sutzarrera kondenatzen zuelarik, garaiko botere politiko eta erlijiosoaren arteko kontubernioa elikatuz.

Ehun urte geroago, Aramaioko Batzokitik euskal mapa politikoari erreparatuz,  ubide abertzalearen nagusitasunari behatzen zaio, deitura desberdinetako ibai eta errekastoak  baditugu ere. Atzera begira jarriz gero, ordea, mende honetan lorpen on ugari izan direla egiaztatuko dute; baita urrats oker asko eta asko ere. Eta gure herri honek bidean malko dezente isuri duela aitortuko diote elkarri. Alperrekoak? Ez dugu sekula jakingo.

Mendeko tarteak irauli egin du euskal kontzientzia, ezkutuko itzaletatik azaleraziz. Baina mende bat ez da ia ezer, bizirik milurteak daramazkien soin estuarentzat. Horregatik uste dut bazterrak sasiz garbitzeak dimentsio argiagoa eman liezaiokeela eremuari. Eta esparru naturaleko soroak ongarrituz uzta itxaropengarriaren atarian geundekeela.   Nolanahi ere, ez gaitezen labirintu ulergaitzetan gal, ez baigenuke ezer aurreratuko. Ez dezagun, ordea, aukera kareletik bota, etsipena gailen ez dakigun.

Zorionak Aramaioko jelkideei, euren lehen mendeurrenarengatik! Izan zirelako, gu ere izan gintezke.

Argazkiak: Tere Anda

lunes, 20 de agosto de 2012

GARZON ETA MUNDUA


Izena du Baltasar eta epaile izan da. Bizitzaren arrazoi bitxi horietako batengandik aldeztaile huts izatera igaro da eta sona handiko bezeroak ditu (behintzat bat ezagutzen diogu, bera bezainbeste arrasto zalapartatsu uztera ohitu dena) Bai, Garzoni buruz ari naiz, espainiar espektro judizialetik mundu osoko latitudeetara jauzi egin duena, beti justizia garbiaren izenean.

Berdin dio bere defendatuarenganako munduaren sinpatiak gora ala behera egiten duen. Gauza da zarata ateratzea, zenbat eta ahots gailu boteretsuagoaren bitartez hobe. A! Eta igual zaio bezeroa Assange izenekoa den edo Al Assad. Inportanteena bera -inoiz Felipe Gonzalezen jostailu izan zena- auziaren ardatza izateari eustea da. Horregatik datorkio ongi Correa ekuatoriarraren deliberamendua, mundu osoaren arreta irabazi baitu, esfortzu handirik gabe. Garzon bera da protagonista, bera baita istorioaren gidoilaria eta eszena desberdinen zuzendari iaioa.

Esku artean daroan auzi mediatikoaren maremagnuma hazi araziz, Iosu Uribetxebarriaren gain mintzatzeko ere beta izan du epaile ohi espainiarrak. Mikrofonoa ipini diote aurrean eta horra hor andaluziarraren mingaina dantzan, El Paisek eskainitako aukera alderdikoiari helduz. Eta, beti bezala, bere estilo ortodoxo koipetsu eta hanpatua atera du paseatzera, etakideari justiziatik ailega zekiokeenari leher-karga ezarriz.

Garzonek aspaldi lortu zuen uhinaren goi aldera igotzea eta horretan irautea du helburua, surfeko ohola kendu zioten arren. Berezko ahalegin zalantzakorrei ez ezik medioen laguntza estimagarriari ere zor die meritua. Bost axola berari oreka gorde behar izatea. Erortzen bada ere beti dago eskuren bat prest  abokatu hitz ontzia txorimaloren antzera zutik jartzeko. Hor dago Garzon. Hemen mundua.



Argazkia: badajozylaguerraincivil.blogspot.com
 

lunes, 13 de agosto de 2012

MARIA ESATEN DIOTE HAIZEARI

Aurtengo udako gau sargoritsuek, goi tenperaturez gain, ustekabekoak ere ahalbidetu dituzte eta horietako bat gertatu zitzaidan lehengo ostiral-larunbatekoan, termometroak errekor mundialak hautsi ondoren iluntasunak zekarren haize pittintxoa lagunekin dastatzen ari nintzela. Uribarri Ganboa oso herri txikitxoa da eta dozena bat adiskide bertako gune bakar batera biltzea ez da normalean ematen. Baina hantxe ari ginen, kontu kontari, oroimenak berehala ahazten dituen aurreko udetako hotz-beroak gogora ekartzen.

Halako batean bi mutil gazte ezezagun azaldu ziren, urduri oso, besoetan lore ontzi handi bana zekartela, eta gure aurrean aparkatuta zegoen auto batera hasi ziren kargatzen ontziak, haien tamainarengatik nekez sar zitezkeenak. Urduritasunak ez bide zien laguntzen eta gutariko batzuk hurbildu gintzaizkien esku bat luzatzeko asmoz. Eurengana heldu baino lehen konturatu ginen ontziak lapurtzen ari zirela. Ez zuten espero, jakina, euren gaiztakeriaren testigurik izatea eta zeramatena bertan uzteko agindu genienean, urduritasunak goia jo zien. Maletategia gaizki itxi ondoren ziztu bizian atera ziren euren autoan. Noski, matrikula hartzeko aukera izan genuen. Baita hartu ere.

Maletategia oker ixteak ontziko landareak txikitu zituen eta lurrean geratutako hostoek ekarri ziguten hurrengo ustekabea: marihuana zen. Beraz, deabruaren haizeak eraman bailuen atera zen autoak karga berezia zeraman. Eta galdera nagusitu zitzaigun: herriko nor zen haien jabea? Erantzuna bilatzeari ekin genion; samurra zen: ontziak zeuden tokitik autoa aparkatuta zeukatenerainoko tartean lapur urduri gazte iheslariek utzitako arrastoaren alderantzizko bideari jarraikiz... ezagutu genuen zein den bere ortuan maria ezkutuan hazten duen herrikidea.  Zer egin? Abisatuko genuen bere etxean gertatutakoaz? Emango genion autoaren matrikula?

Biharamunean, egun argiz hobeto aztertzen bide dira arazoak, lapurketaren lekuko zuzenok adi-adi egon ginen, ezer aipatzen ote zen gertatutakoaz. Baina inork ez zuen herrian ttinttik ere adierazi gaueko pasadizoaz, ezta interesatuak ere. Eta guk ere nahiago izan genuen isilik egotea, nahiz eta bi gazteak jabetza pribatu batera sartu ziren, hiru bat metro altuerako ormaren gainetik. Delitua, beraz.

“Paint your wagon” (Izenik gabeko hiriaren legenda) pelikulan bada abesti zoragarri bat, “They call the wind Maria” tituluarekin. Larunbat goizaldeko bi mutil ebasleren ihes zazpikia ikusita, maria-ko ontziekin autoan, une hartan genuen haize epel apurrari keinu aldrebestua egin ziotela esango nuke. Izenik jarriko ez diodan herrikidea, berriz, haizerik izan ote genuen ahaztuta, sutan jarriko zen lapurketaz ohartutakoan. Eta pelikulako urre bilatzaileen antzera, nik ere aurrerantzean Maria deituko diot gau sargoritsuaren  haizeari.

lunes, 6 de agosto de 2012

ELKARLANEAN, BAITA JAIETAN ERE

Javier Cameno, ezkerrean, lehengo ostegunean
Baita jaietan ere! Horixe da arrakastaren gakoa, banakako indarren gainetik taldearena -giza kolektiboarena- igaroaraztea, hain zuzen. Historia gizabanako indibidualen lorpenez dago beteta, egundoko balentriarekin buruturiko abentura eta ahaleginen ondoriozkoak. Edozein sektoreri begiratu eta gizadiak pertsona erraldoi ugari eman dituela antzemango dugu, euren ibilbideetan argi bereziz nabarmendu direnak, naturak eta zirkunstantziek eskainitako berezko dohainei esker. Beharrezkoak izan dituzte izar horiek aro guztietako gizarteek, aurrera egingo bazuten.

Baina munduaren etengabeko martxan askoz gehiago aurreratu da lan kolektibo eta elkarri lotutakoaren bidez. Auzo lanean eraikitako errealitate loratua izan genuen gure arbasoena, behin eta berriz formula kolektiboari heldu ziotenak euren interesak defendatu eta behar bezala kudeatzeko. Elkarrekiko konfidantzan ere jaso ditugu gure lorpenik sonatuenak, taldearen exklusibitate sakratuan, dena denena baita, zentzu zorrotzez.

 Konbentzituta nago, giza berdintasunean bakarrik moldea dezakegula gu guztion zerbitzuan jar genezakeen gizartea. Urruti gaudela ideia horretatik? Eta? Hain zuzen ere, aurreneko behar kolektiboa gu -gizon eta emakume gisa- eskubide eta betebeharren abiapuntuan batera kokatzea dugu, bizitza-lasterketan  aukera berdintsuak izan ditzagun. Egia da nor bere gurasoen seme-alaba dena, baina den-denok jaio ginen lege naturaleko maindire berdinaren azpian.

Ari gaitezen  elkar lanean baita jaietan ere, elkarrekiko begirune eta errespetuan; besteekiko lotura praktikoa iruditzen zait funtsezkoa askatasunean aurrera egingo badugu. Lehengo ostegunean, Javier Cameno Gasteizko aurtengo jaien pregoilariari Plaza Berrian bere hitzaldi konpartitua entzundakoan nire txaloak lan kolektiboari eskaini nizkion, Javierren baitan ezer nabarmentzerik badago -bere bihotz zabal eta emankorraz gain- taldeko beharraren bilakuntza jarraikia baita.

Zeinu propioaren premia gero eta handiagoa den garai hauetan, jai inpertsonalen garroetan erortzeko arriskua hedatu delakoan nago. Horregatik, jai giroan ere, taldearen garrantzia oinarrizkoa da. Elkarrekiko eskuzabaltasunean jaso daitezke egitasmorik ederrenak, eta aukerak ihes egin ez diezagun arretaz ibili beharra dago, talde lana ez baita hain samur gorpuzten.

Elementu kohesiogarriaren inguruan taldea sustatzea eta elkarren arteko kemena elikatzea ditugu ongi ibiltzeko osagaiak. Camenok zioen bezala, begira diezaiogun elkartzen gaituenari: horrela modu eraginkor positiboan ibiliko dugu mundua.

Argazkia: El Correo