BILATU

domingo, 29 de julio de 2012

KONSTANTZIAREN SARIA

Konstantzia, teknologia bezala, ona ala txarra izan daiteke; aplikapenaren arabera sailka daiteke. Konstantziaren bidez marka daiteke nor beraren xedeenganako indarra. Gizabanakoen baitan sortzen den izpiritu sortzaileak markatzen du erabakien helmena, eta bakoitzak ahal duen neurrian jar daiteke lorpenaren maila, ia beti. Ikusgarria da goizero jaikitzean gutariko bakoitzak bere buruari agintzen dizkion proposamenen soka. Egunak aurrera dagien heinean –nekearen ondorioz- laxatzen doana. Gorputzak gogoarekin batera du lan egiten, eta alderantziz.

Konstantzia eta esfortzurako gaitasuna elkarren ondoan joaten dira, normalean. Konpromezuen arabera aurkeztuta, bata eta bestea osagarriak ditugu helburuetara iristeko, eta nahi izan eta ahal izatearen arteko distantzia txikitu egiten da bien aplikapen egoki eta zentzukoaren bitartez. Konstantzia beharrezkoa da, berez mugatuak garenok geure muga naturaletatik kanpo jauzia egin dezagun. Egia da, modu xehean esanda, beti ez dela jomuga erdiesten, ahaleginean borondatea jarri arren. Baina salbuespen gisa har genezake aurreko egiaztapen hori.

Gaur goizean, Uribarri Ganboako urtegitik abiatu den triatlon munduko txapelketaren testigu zuzena izan naiz. Mila eta hiru ehun inguru parte hartzaileren topalekuraino heldu naiz eguna urratu berria, eta horietako askoren urduritasuna frogatu ahal izan dut. Mundu guztiko atletak hara bildu dira, egun ugariko prestakuntza fisiko eta psikikoaren ondoren egiazko orduari ekiteko prest, eta sakrifiziorako konstantzia emaitza eskaintzear zegoenean gizon-emakume ausart horien keinu eta ahotsetan urduritasun puntu garaia nabaritzen zen, normala den bezala. Lortuko al zuten bakoitzak espero zuen saria?

Konstantzia, ahalegin  jarraikia, sakrifizioa... dena alperrekoa gerta daiteke, zirkunstantziaren batek eraginda. Bai, hori ere egia da. Baina formula garaileko oinarrizkoak ditugu. Haiek ezik nekez eskura daiteke garaipena. Gure aitona-amonek garbi zeukaten, lanparatxoak pizturik jarrai zezan etengabe elikatu behar zitzaiola olioaz. Lanparak, ordea, ez zuen gehiago argituko olio-ontzian unetxo batez erregaia kantitate handiagoan ipini arren. Neurri aproposa, etengabe eskainia eta arretaz zaindua. Horiexek ziren formulako konstanteak, argia izango bazuten.

Txoria harrikadaz ehizatu nahi duenak ere ez du beti xedea lortuko, baina seguru asko gero eta hobeto jakingo du habaila erabiltzen. Hain egia borobila zuzen-zuzen erlazionatuta dago konstantziaren emaitzarekin. Horregatik, ziur nago, triatlona Gasteizen amaitu denean, gehienok euren konstantzia eta esfortzurako neurrian jaso dutela saria. Azkenean, nork ereiten duen haziaren araberako uzta biltzen da bizitza honetan. Eta saria ez bada beti eskuratzen ere, ahaleginak nor beraren gaitasuna markatzen du beti.

lunes, 23 de julio de 2012

ILUSIOA EZ DA ILUSO IZATEAREN SINONIMO


Egunero, hilero eta urtero emaitza kontuaren gora beheren erritmoari aurre egin izan diogunok badakigu ez dagoela inoiz alperreko zehazkizunetan despistatzerik, porrotak gainezkatuko ez bagaitu. Ezagutzen dugu ere, enpresa desberdinek tratamendu eta kudeaketa metodo diferenteak behar dituztela,  eta azkenean urdinez tintaturiko zenbakiek modu positiboan begiratzen diotela geroari eta gorriek ezin diotela promes itxaropentsurik egin.

 Baina baieztapen xehe horren aurretik bada egiaztapen bat zalantza guztietatik aske dagoena: enpresaren lemariak ongi baino hobeto jakin behar du bere produktua zein den, zein merkatutara dagoen zabalik eta nora jo behar duen, zein bitartekorekin ari daitekeen eta, batez ere, zeintzuk diren bere enpresaren baliabide tekniko eta humanoen helmena, gaitasuna.  Pellokeria irudi daitekeen hori, tamalez, ez da horrenbestekoa, eta sarritan pairatzen dugu enpresa kapitain faltsuen ondorioa; larregitan esango nuke. Euren eztrebeziaren zioa zuritzeko errudunak beste ortuetan bilatzen iaio diren horietakoak ditugu.

Enpresa batek osasuntsu iraungo badu derrigorrezkoa dauka lemariaren ilusioaz kutsatuta egotea. Liderrak  positibismoa irradiatu behar du, ilunkeria antzu eta kamustaileetatik urrun. Hori ezik, zulo beltzeko etsipenak harrapatuko du ingurua. Eta gardentasuna, besteekiko sentsibilitatea ez bazaio buruari igartzen gorputz osorako porrota izango da nagusi. Horixe da, zoritxarrez, adibide gehiegitan egiazta dezakegun errealitatea. Beltzez ekin eta lutuz amaitu. Testamentu patetikoekin.


Lehengo ostiralean Eusko Ikaskuntzaren lehendakaritzarako hauteskundeak izan ziren. Hautagai bakarrak Batzar Nagusiaren aldeko botoa jaso zuen, hain zuzen ere  ilusioa egin duelako bere programaren ardatz. Ilusioa ez da inondik ere iluso izatearen sinonimo. Proaktibotasunetik bultzatutako egitasmo baikorra da elkartearen ekipo berriak aurkeztutakoa. Baikortasuna ez da, berez, errealismoaren kontrakoa, ezinbesteko osagaia baizik.  Krisia ez da hain kritikoa ahaleginean ilusioa, baikortasuna jartzen denean. Euskal Herriak baikorra izan behar du, kalitatezko iraunkortasunean biziko bada.


Argazkia: Tere Anda

lunes, 16 de julio de 2012

JUMPING "MARIANO" FLASH

Their Satanic Majesties-en harrikadaren lehen mende erdia mundu guztiari gogorarazten zitzaion egunean, Rajoyk bere harritzar bereziarekin agurtu zigun, hori bai,  britainiarren baino askoz entzulego murritzagoaren aurrean mintzatuz. Antzekotasunik ote bi protagonisten artean? Begira dezagun:

Musika arloan behintzat badute halako kidetasuna,  haien soinuari adituek aspaldi "negroide" izatezko etiketa jarri baitzioten eta orain blues ikaragarri triste jo duena, hil ezkilako kanpaiak negarrez jartzeraino, galiziarra izan da, espainiarren lehendakari errekonbertituriko estatu abokatua, alegia.

Eta bat batean, lantu eta hortz kirrinkaren artean, honky tonk woman ospetsua baino hamaika aldiz zurbilago geratu gara. Eta "Joan hadi popatik hartzera!" oihu ozen kolektiboa entzun ahal izan da zezen-larruko espektro zabalean, harri errodatuen kontzertuetan sarri stablishment-arekin izan den deskontsiderazio berdintsuarekin.

Auskalo nolako eragina izango duen gure artean, gero eta kontrolaezinagoa dugun maldan beherako erritmo frenetiko honek, ezin baitugu ondorioen gaineko erradiografia ezta irudikatu ere egin. Hain itsututa gaude hondoa antzeman ezin dioguneko zuloan, non ikuspegi hurbil eta laburreko irtenbide zentzugabean ari gara jartzen esperantza, emaitza justu kontrakoa gertatuko zaigula barneratu gabe. Eta gure noraezean esna gaitezen, nonbait, muturtxo bihotz urratzailearen mokor joko lizunkoi estiloa imitatuz, galiziarrak txaloka jarri ditu espainiar hemizikloko bere jarraitzaileak.

Hondarrezko zutabe gainean eraikitako satisfakzioa amaitu da, lagunok. Rajoy eta beraren moduan burbuila batean bizi izan garenok aurrerantzean zein mahaira joko dugun jakin nahi genuke eta harri errodatuen beggars banquet aukerari egundoko izuaz begiratzen diogu, ez baitigu eskale gisa amaitzearen ideiak bat ere graziarik egiten.

Artifizialtasunaren gezurrarekin jokatu dugu, patxada osoz, aspalditik. Mick eta konpainiaren devil sinpatikoaren itzal diabolikoak gogoa lapurtu zion gure gizarteari duela mende erdi inguru eta orain, zeri heltzerik gabe, atzera begira jartzeari beldur diogu, bihar zerekin esnatuko garen asmatzea ezina baita. Baina bada ezpada ere, abuztuko oporrak kruzerotan edo Islandiara emateko prestatzen ari bide da euskaldun populua. Zergatik ez?


Argazkiak:
http://bretguille.blogspot.com.es
dreamluxjagger.net78.net

lunes, 9 de julio de 2012

DEKALOGOA EZKERREKO MILITANTEENTZAT





Une zailek beti ekarri dute gizarte konpromezurako bide berriak ezartzeko ahalmena eta egun ere, eskandalu erraldoiaren kariaz han eta hemen jasotzen ari diren ahots kritiko eta ausarten artean indar garbitzaile berririk sortzen ote den irrikan gaude. Finantza sistema, panpin-politikoak edota gizateriaren ergelkeria kronikoa daitezke zulo beltz hilgarriaren muineko  faktoreak. Nork bere kiniela egin dezala eragileen sailkapenerako. Baina, zalantzarik gabe, balizko konponketa integrala berrarmatze etiko eta militante zintzotik etorriko da.

Frei Betto kristau brasildarraren dekalogo antzeko bat irakurri dut berriki, ezkerreko militanteei zuzenduta. Jakina, ez da nahikoa munduari behin betiko irtenbidea emateko (ezkor baikorrak lioke, aterabide bakarra erabateko suntsiketa litzatekeela) baina hamar aholku hauen zentzuzko aplikapenak bidea eramangarriagoa egingo ligukeelakoan nago. Irakur ditzagun:

1) Eutsi goian sumindurari. Eta aldian behin egiaztatu ezkerrean duzula gogoa. Eguna eta gauaren arteko desberdintasuna bezain normala hartzen du eskuinak gizarte diferentzia.

2)  Oinek zapaltzen duten tokian pentsatu behar du buruak.  Ezin da ezkerrekoa izan,  herria bizi den lekuan oinak ezarri gabe. Teoriarekin ibiltzea praktikara igaro gabe, gezur antzetan ihardutea da.

3) Sozialista zarela, eta zer? Ez lotsatu! Inkisizioak ezin izan zituen kristautasun zintzoaren balioak hil. Sozialismoa modu ofizialean desagertu izanak ez luke haren predikua gure baitan erauzi beharko.

4) Izan zaitez kritiko autokritika galdu gabe. Eutsi ideialari zein praktika eraikigarriari, atsedenik hartu gabe. Ekintzaren etsairik handiena autoasebetasuna da, eta nor bere buruarekin beti ados egotea. Zaude zabalik ingurukoen kritikak onartzeko.

5) Eduki garbi militante eta militontoren arteko diferentzia. Aurrenak sakondu egiten du gizartearekiko bere konpromezua. Bigarrenak, aldiz, azaleko xehetasun ergeletan geratzen da.

6) Zorrotza izan militantziaren etikan. Ezkerrak printzipioetan oinarritzen du bere jarduera. Eskuinak, aldiz, interesetan. Militante ezkertiarrak den-dena gal dezake, morala ezik. Boterean dagoenean ez du bere funtzioa bere buruarekin nahastu behar.

7) Elika zaitez ezkerraren usadioetatik, adibide eredugarrietatik. Militantziaren  iturri teorikoetatik edateak praxisa ongarri dezake.

8) Txiroekin batera huts egiteko arriskua askoz lehenago dago eurak gabe asmatu nahi izatea baino. Pobre izateak, berez, ez du pertsona hobea egiten. Baina eurekin batera saiatzea, lan egitea, justiziarekin bakea egin nahi izatea bezain zuzena da. Ezkerreko militante batek ez ditu sekula pobreen eskubideak negoziatuko.

9) Zapaldua defenda ezazu beti, nahiz eta zure lehen bihozkadan ez daudela zuzen pentsa zenezakeen arren. Haien pairamendua hain handia den,  non  erreakzioetan ez dugu sarri boteretsuengan  inoiz ezagutuko ez dugun jarrera ikusiko. Gizartearen sektore guztietan dira gaizkile eta ustelduak. Diferentzia, ordea, goikoen artean legea aliatua dutela da. Zapalduenganako zure jarrera aktiboan ez duzu inoiz zapaltzaileen ulertzea erdietsiko.

10) Bihur ezazu otoitz egitea alienazioaren kontrako antidotoa. Militante bezala  hitz egiten dugu eta, askotan, burgesaren bizimoduan galtzen gara, borrokalarien epaile bilakatuta. Otoitzak -modu askotakoa gerta daitekeena- gure bizitza hankaz gora jar dezake, hausnarketarako unea ahalbidetuz.


Argazkiak: Tere Anda

lunes, 2 de julio de 2012

IRONIA NIRE ALIATUA DA



Ironia bide da, komunikazioari dagokionez,  giza banakoen askatasunaren azken babestokia.  Gero eta nireago daukat ikuspuntu hori, eta  ironia literatura-figura gisa maiztasun handiagoaz erabiltzen dut barne satisfakzioa ez ezik irakurlearengandik -ekartzen didanean- adostasun subjektiboa baitakarkit, asebetasuna biderkartuz.

Ironia umorearekin joan daiteke lotuta baina ez derrigorrez. Gertakizuni buruzko iragarpenen eta errealitatearen arteko diferentzian oinarritzen da ironia, sor daitekeen paradoxaren hurrena bilakatzeraino iritsiz. Eta umorea antzematen bada mezu ironikoan, bide erdia dago eginda, esanahiaren gunea ulertu dela adierazten baitu. Nire lehen idazkietatik –eta ordudanik laster lau hamarkada beteko ditut- nahitako zentzuaz azalduta eman dut sarritan gertaeren berri, lengoaiaren eta autokontzientziaren orekari eutsi behar izan diodalarik, barne estropozuan ez jausteko.
 

Mendebal estatuek eta arabiarrek Sirian bakea ezarri nahi dutela idazten badut ironia dosi batekin jokatzen ari naiz, noski. Rajoy eta Merkel proiektu ekonomiko amankomun baten liderrak direla adieraziko banu nire hitzei ironiazko kutsua bilatu beharko litzaieke, ezen nire ideiak publikoki azaltzean gezurretan aritzeko asmorik ez dudalako. Eta ironiak, barre algararen premiarik ez badu ere, nahita nahi ezkoa du egia osoaren bertute gardenarekin jokatzea, mezua hipokresiaren itzalpean ezkutatuko ez bada.

 Ironia da, beraz, etsipen sakonean ez erortzeko seriotasun zorrotz ortodoxo aspergarria eta aldarrikapen irrigarriaren artean geratzen zaidan errekurtsurik baliozkoena. Izan ere, nola arraio egin niezaioke aurre ironiarik gabe eguneroko albisteen gurpil monotono, antzugarri eta kirasdunari? Gezurrak eta desinformazioak behartzen naute ironiaz mintzatzera, idaztera eta  ia-ia baita pentsatzera ere. Adibide berri bat: enpleguaren gaineko erreportaia El Paisen, bere orrietan  Prisa taldearen  langileen murrizketa aipatu gabe, informazio prostituitua iruditzen zait eta sentsazio horrek ironia paseatzera ateratzera gonbidatzen nau, zuzeneko enbidora inora eramango ez nindukeelakoan. Baina, bada ezpada ere, beste barik ozen esaten dut gezurrik borobilena dela egia –zatitxo bat bada ere- aproposean ezkutatzen duena.

Ironia atsegin dut ihes tutu egokia baita, orduak joan eta orduak etorriko desinformazio lotsagabeak morala jan ez diezazun. 


Argazkia: Tere Anda