BILATU

lunes, 26 de marzo de 2012

EKUMENISMOA


Igande arratsalde polita eman dut eliz-funtzio batean Arrasaten. Adiskide kolonbiarrek euren tenplu berriko inauguraziora gonbidatu  naute eta oso pozik onartu dut eskaintza. Zerbait berri bizi izango nuelakoan abiatu naiz zeremoniarantz eta lerro hauekin batera eskerroneko sentimendua agertu nahi diet aukera eman didatenei.

Kristau Bataiatzaileko Arrasateko kideek euren otoitz-tokia herri osoari irekitzean ekumenismo xehe baina aldi berean zintzoa erakutsi dute, apaltasunez. Eskuak luzatu dizkigute elkarrekin otoitz egiteko, bakoitzak nahi zuen eran, egiazko otoitza buru eta, batez ere, bihotzarekin gauzatzen baita, lagun hurkoari afiliazioa eskatu gabe. Eliza-adar guztien gainetik gizon eta emakumeen arteko elkarkidetza da kohesioa ahalbide dezakeen faktorea, eta horren aldeko apustu guztien atzetik jardutea zeharo premiazkoa dugu,  gure gizarteak oinarrizko printzipio moralak berreskuratuko baditu.

Elizen arteko elkarkidetza eta erlijio desberdinen komunio eraginkorra: horra hor, eraiki beharreko mundu bizi eta aurrerakoiaren ezinbesteko osagaia. Ez bakarra, jakina, baina bai lehen-leheneko mailakoa. Arnasa hartu ahal izateko oxigenoaren premiaren tamainakoa.


Gogora datorkit, zoritxarrez, astean Frantziako Toulousen gertatutakoaren oihartzuna. Jazotakoak estatu laikoaren zutabeak hondar gainean daudela jarrita erakutsi du.   Lau judutar hilak islamiar baten ekintzaren ondorioz. Tristea iruditu zait, liberté, egalité, fraternité-ko herrialdean alde batetik eta bestetik erlijioa ardatz gisa erabiltzea. Batak Alahren izenean disparatu du eta besteek "La Terre promise" nahiago izan dute aukeratu hildakoen hilobirako, itxuraz hain agindua ez duten baina administratiboki behintzat zegokien frantziar lurraren ordez. Uhin-frekuentzia horretan elkar ulertzea arras inposiblea da.
Bekoki eta bihotz-eskuzabaltasunaren ildotik etorri beharko du gizakiontzako sariak, inoiz gizadia bere lotura guztietatik askatuko bada. Horregatik gaur arratsaldeko ekintza haize berritzailearen seinalea iruditu zait. Ez dakit inozoegia ote naizen nire talai propiotik. Banintz ere, dena den, inozotasun konpartituan segitu nahi nuke.
 
 
Argazkia: oikoumene.org

lunes, 19 de marzo de 2012

FELIX AZUA TXIT ARGIARI: HERREN ZABILTZA!

Felix de Azua irakaslearen idazkia irakurri nuen pasa den larunbateko El Paisen eta hotz geratu nintzen. Azuakeria irentsi ondoren sutan jarriko nintzen, aspaldiotan nire baitan nagusitu den deiadar antzeko batengatik izan ez balitz: eten gabe, erlatibizatzeko erregu boteretsua egiten dit. Horri esker, nire bihotz taupadak neurriko abiaduran doaz azken hilabeteotan.

Goiko behe hondoei buruzko ikasgai magistrala eskaini zigun katalanak Madrileko egunkarian, bere ekarpenak bilbatzeko hain maisuki darabilen estilo jauzilari eta ertzez beteak lagunduta. Eta bere teoriaren euskarriari nondik lagun ziezaiokeen oraindik asmatu ezinik nabilelarik, honako adierazpen borobila zegien Azuak, lasai asko: “La tradición que venera a los asesinos como héroes “antisistema” arranca por lo menos de Rousseau y en algunos lugares, como las provincias vascongadas, parece ser endémica, pero siempre hay un posible relato verosímil”

Delinkuentzia masiboaren kritika egiteko euskaldunok sartu gintuen analisian, berriz diot, nire meningeek oraindik dezifratu ez duten ezkutuko arrazoiren batengatik. Baina intelektualak horrela egin zuen eta milaka irakurlek irentsiko zuten  harrikada, agian bat ere ohartu gabe. Endemikoa, nik dakidanez, lurralderen baten berezko kualitate (normalean, negatiboari) aplikatzen zaio. Eta badirudi Azuak horrelako iritzia duela gurekiko, izan ere kualitatea ez du lurraldeak berak ematen –zentzu geografikoan- baizik eta horren biztanleek, eta horien artean ni neu eta nire lagun asko ere sartzen ditu Bartzelonan jaiotako espainolak.

Esan dut beste garai batean ziztu bizian kristorenak esango nizkiola Azuari, baina urteen poderioz nire izpiritua sosegatzen joan bide da, eta erantzun gisa esango diot, soilik, ez nauela konbentzitu bere azalpenean, nik ez baititut sekula hiltzaileak gurtu. Baina gehituko nioke herrena iruditu zaidala bere argumentazioa,  izan ere “parece” horrekin ez du arriskatzen. Zer irudituko litzaioke berari, prostituzioari buruzko balizko nire ikerketa batean honako hau idatziko banu: “Esan didatenez, Madrileko Azuaren etxeko guztien amak putak ziren” Balio al du horrek ezelako teoria eraikitzeko? Behintzat, gaiaren gaineko tesia gauzatu nahi banu, Azuari buruzko aipamen hori testuan soberan egongo litzatekeelakoan nago, eta nik ez nuke erabiliko. Ez balitz, jakina, Azuaren moduko pertsonaren bat –zuzen zuzenean- mintzeko. Baina zientifikoki ez lioke pisurik emango, inondik ere. Gehiago esango nuke, ziur nago tesiko zuzendariak ez lidakeela baimenduko halako errazkeria merke eta oinarririk gabea jartzea.

Izan zaitez osasuntsu, Azua jauna, eta ahaztu ezazu ni bezala hiltzailerik maitatzen ez dugun euskaldunon tropel handia!

Argazkia: alfaguara.com

lunes, 12 de marzo de 2012

ADI RADARREI!



Gaur goizean mezu elektronikoen buzoia irekitzean, erreferentzian "atentos al radar" zekarrenarekin topo egin dut eta zertaz zetorren igarri bezain laster zakarrontzira bota dut, ireki gabe. Amorruz betetzen naute halako abisuek!

Horren moduko iragarkiak bidaltzen dituztenentzat, itxura guztien arabera, lehenago da disgustua modu teknologikoz saihestea nork balizko zigorra bere jarrera zuzenaz ekiditea baino. Ez nuke halakorik irakurtzeko arazorik izango  baldin eta mezuak aurreratuko balit erakutsi behar didala nola hezi dezakedan nire burua aginduak betetzeko. Pistak emango lizkidake, behintzat, nire zibismoa aberasteko.

Aizu! Niri seinaleak jartzen badit gehienez jota orduko 120 kilometrotara joan behar dudala, neure ardura zibikoa da hori betetzea eta araua hautsiz gero gizartearekiko nire utzikeria erakusten ari naiz. Ezin da onartu -etikoki ari naiz, noski- "orain bai, orain ez" arduragabearekin jokatzea, "ez" hori tranpek ahalbideturiko sistemarekin bermatzen denean.

Ez didate aitzakiek balio. Nola fidatuko naiz ni,  guztiekiko errespetua adierazten duen ezein arautegiri bizkarra emateko prest dagoen inorez? Eta ez dit balio arbuiatzeak, giza kolektiboaren ezagutzarako edozein zehazkizun gerta daitekeela onuradun.

Gizarte-arauak hiritarrok bete ditzagun eginda daudela barneratzen ez dugun bitartean, gizartea huts egiten ari da. Radarrak non dauden detektatzeak disgusturen bat -zigor ekonomikoa- aurrez diezaioke detektatzaileari, baina ez du ekarriko horren gizarte-heziketa sendotzea, justu kontrakoa baizik, ahuldu egingo baitio gizon emakumeen artean duintasunez eta bekokia goian ibiltzeko ahalmena.

Aurreko Arrazonamendu hori, jakina, beste hainbat aplikapenetarako erabil liteke. Elkarbizitza konplikatua da eta ahalegin berezia egitea dagokigu gizarte-makineria koipeztuta edukitzeko. Ibilaldia orekatua eta desgasterik txikienarekin gerta dadin kontzentratu beharko lirateke indarrak. Utopia handia izango litzateke radarrik behar ez izatea. Handiagoa, ordea, arautegi eta zigorrik gabe bizi izatea.


Argazkiak: debates.coches.net

lunes, 5 de marzo de 2012

MONDRABERRI. BIKTIMA BERRIA

                                                                        http://www.fentmuntanyaiformacio.es                                                                                                                 Ondoko lerroek bat egiten dute, duela zenbait aste txoko honetan bertan idatzi nuen beste hausnarketa goibel batekin. Orduan komunikabideetako mundu labaingarritik desagertutako bi medioren gain aritu nintzen -Euskonews Gaztea eta Público- eta gaurko lerro hauek hauek Mondraberri argitalpen elektroniko eredugarriaz ari naiz.  Tamalez, ez dabiltza mondraberrikideak   alaitasunezko kanpaiak  errepikatzeko moduan eta weba argitaratzeari utzi behar izan diote.

Beste zenbait milaka lagunek bezala, oso nirea daukat Mondraberri, duela zazpi bat urtetik Arrasateri buruzko  informazio zehatz eta freskoa eskaini diguna. Nik baino askoz hobeto jakingo dute eurek ixtearen arrazoia -ziurrenik bat baino gehiago- baina krisi ekonomikoaren aitzakiaz beste krisi batzuen itzal ilunak ageri zaizkigu euskal hodei ertzean, eta horiek ekonomikoa baino lazgarriagoak gerta daitezke... eta gertatzen ari dira, askoren isiltasun ulertezinak lagun.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es
 
Aspaldiko adiskide batek kontatu zidan, baserrian kide guztiek plater bakarretik jaten zuten egun batean anaia bati kontraeztarritik joan zitzaiola mokadua eta arnasari ezin eutsiz zerraldo erori zela denen aurrean. Mahaikide batek begirada arin bat bota zion eta besteei "este ya se ha jodido" argigarria adierazi ondoren, mahaian lehiakide bat gutxiago zutelako lasaixeago nonbait, azpilekoa ahitu arte ez zuten anaia gizaraxoa lurretik altxa. Eta zuzenean ohera eraman zuten, beste ezelako laguntzarik gabe osatuko zelakoan.

Euskararen mundu zail eta ertzez beterikoan "jodido" larregi direla ikusita, zailtasunetan itotzeko arriskuan dabiltzan besteen jokabideak pentsarazten dit solidaritatea eta antzerako hitz politen helmenaz. Erabiltzen ari diren parametro ekonomikoen arabera hemen ez bide
dago denontzako tokia... edo horixe adierazi nahi digute, uste genezakeen baino askoz bozgorailu gehiagotik. Zerbait ez dut ongi ulertzen... ala bai?  Eta nire buruan proiektatzen den pelikula harrigarrian gorago aipatu ditudan beste krisien sintomak gailentzen ari dira . Ondorioz, auziaren erreflexioan aurrera egin ahala eszeptikoagoa naiz euskararen oihan beltzean.

 Ahul eta gaixoak dira gerrako ekonomiaren lehen biktimak. Bistan da euskaraz bizi nahi dugunon itxaropenak herrenago dabiltzala, gure hizkuntzari egokituriko euskarriak lur mugikorretan jaso baitira, baldintza ez lehiakorretan, alegia. Hori aspaldiko kontua da eta mundu kontrajarrietako nor gehiagoketan euskaldunoi galtzailearen papera tokatu zaigu, ordenamendu juridikoa bera ere gure alde ez dugulako. Nire inozotasunetik euskaldunok gure eskubideen defentsan intentsiboagoak izango ginela pentsatu nuen inoiz, kohesionatuagoak azalduko ginela. Baina itxura guztien arabera, gure artean ere, larri zaurituarenganako atxikimendu aktiboaren ordez "onenak egin du" jarrera baztertzaile hotz soilean mugitzen dira euskal eragile nagusiak, geratzen diren apurretatik gehiago tokatuko zaizkiolako ez hain triste.

Bihoakie hemendik nire laguntza apala Mondraberrikoei.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es