BILATU

lunes, 28 de noviembre de 2011

MAFIAK, KANPO-ZORRA ETA MISERIA






Pablo Escobar


Galdetu zidan atzo kolonbiar lagun batek zer ulertzen den kanpo-zorraz. Eta ahalegindu nintzen arren, ez dakit lortu ote nuen, ez baita erraza kontzeptuak azaltzen dituen ertzak ulertzeko ariketa.

Kolonbiako bere jaioterriko gogo-irudiak oraindik freskoak dituelako, Pablo Escobar droga trafikatzailearen kasuaz mintzatu ginen: 1992an, AEBetara extraditatua ez izateko, kolonbiar gobernuari eskaini zion berak drogaren diruarekin estatuaren kanpo zorra kitatzea. Pablo Escobarren nazioarteko lotura politikoak nolakoak ziren ideia egiteko, komentatu genuen adibide gisa, Felipe Gonzalezen aginte-hartze ekitaldira gonbidatu zutela 1982an. Eta botere politikoa eta mafiak zeharo erlazionatuta egon daitezkeela adostu genuen, behintzat, gure elkarrizketan.

Geure eguneroko ergelkeriaz eraiki dugun mundu honen berbideratzeaz europar hiritarrok burua berotzen ari garenean, Pablo Escobar berriak lotsagabe ari zaizkigu botere politikoaren entramatuan infiltratzen, eta estatu zorren galdarak lehertzear daude hainbeste irakite-presioa dela-eta. Horra hor, Goldman Sachs banku boteretsua, bere pioiak Italia, Grezia eta Europar Banku Zentraleko presidentzietan jarri dituena. Lehen AEBko gobernura ere heldu zen, indartsu. Demokraziaren beraren zentzua arriskutan jartzen duten politikak burutzen ditu amerikar bankuak.

Goldman Sachsek bere garroak mundu osora eta sektore mamitsuenetara luzatu ditu. Eta horietako bat jakietakoa da. Duela hogei bat urte erabaki zuten inbertsio polita izan zitekeela oinarrizko zenbait jakiren gainean intziditzea –garia, artoa, kafea, kakaoa, azukrea, ganadu-okela...- eta horien prezioak eskaintza-eskaria ohiko legearen araberakoa izan beharrean, inbertsoreen esku gera litezkeen “etorkizuneko”-en iragarpenen aginduetara mugituko ziren. Inbentoa!

Gauden mendearen lehen hamarkadan, adituen esanetara, jaki horien prezioak hirukoiztu egin dira, merkatuan. Noski, lehen gai horien sortzaile diren lurraldeetan ekoizpen-kostuak, jaitsi ez direnean, mantendu egin dira. Beraz, diferentziala Goldman Sachs eta antzeko finantza-funtsentzat ikaragarri handitu da. Zer gertatzen da munduko hainbat eta hainbat estatutan euren ekonomiekin? Hiritarrentzako jan gaiak hornitzeko ezgaiak direnez gero, kanpora jo behar dute... eta zorra disparatu egiten zaie, infiniturantz. Miseria.

Kanpo-zorra zer den argitzeko gauza izan ote nintzen ez dakit. Baina nire adiskide kolonbiarrari behintzat ideia bat garbi geratu zitzaion: mafiak mota askotakoak izan daitezke eta hiritarren sufrimenduarekin aberasten dira beti. Gobernuekin ados jarrita.



Argazkiak:  gurusblog.com; desdeabajo.info

martes, 22 de noviembre de 2011

JOSE MIGEL BARANDIARAN: GIZON PUXKA BAT!

 

Hogei urte izango dira laster Jose Migel Barandiaran hil zenetik eta Euskal Herriaren pertsonaiarik maitatuenetakoaren irudia proiektatzen ari zaigu egun hauetan, han eta hemen, abenduaren 21eko efemeridearen aurrean.

Gutxitan erakarriko ditu hobeto bere herritarren aldeko sentimenduak inork On Jose Migelek baino. Irudi mitikoa bihurtzeraino, euskal kulturaren bidezidorretatik barrena abiatu zen gazte-gazterik, euskal kultura bera zer zen bere buruari inork gutxik galdetzen zionean. XX. mendearen hastapenek, gure herri-sentimenduaren gaineko neurriari dagokionez, gero On Jose Migelek hain sakon ikertuko zuen paleolitikoko garaiak dirudite gaurko perspektibatik. Izan ere, euskal kulturak urrats sendoak eman ditu ordudanik, bere bideak –hori ongi azpimarratu beharra dago- Kalbariokoarekin antz handiagoa izan duen arren beste edozeinekin baino.

Barandiaranek argi eta garbi markatu zuen iparra, bere nortasun-zeinuen aldetik iluntasuna nagusi zuen duela ehun urteko euskal gizarte hartan. Astindu egin zituen ezjakintasuna eta nagikeria. Lanerako deiadarra burutu zuen, helburura ganoraz ekinez gero bakarrik iritsi zitekeela jakitun. Eta asmatu zuen, bete betean, Ataungo semeak ezer lortu bazuen, euskal kulturaren gaineko kontzientzia suspertzea izan baitzen. Diskurtso huts eta hitz merkekotik aldendua, edukiz bete zituen bere aldarrikapenak, orain arte beste inork egin ez duen moduan. Eta bere ingurura hamaika langile prestu bildu zituen, etorkizunerako proiekzio itxaropentsuan arituko zirenak.

Barandiaran buruzagi petoa izan genuen, ertzik gabeko aitzindaria. Talde lanaren beharraz konbentzituta, Euskal Herriko lau haizeetara barreiatu zuen hazia, egun ere fruitu ugari ematen ari dena. Baina ez dugu ahaztu behar, On Jose Migelen lorpen zientifikoa kristau humanismo sendo eta bizi baten gainean eraiki zenik. Zientziaren aplikapen zorrotzari zor zaion zintzotasuna, gizabanako gisa bere baitan garaturiko arau etiko, erlijioso eta sozialekin uztartzen jakin ahal izan zuen, maisuki. Horregatik, bere heriotzaren hogeigarren urtemuga iristen ari denean, On Jose Migelek behin eta berriz aldarrikatutako balioek gaurkotasuna dute gure gizartean.

Errealitate zientifikoa eboluzionatzen joan daiteke, eta ulertzen da beti hoberako joeran egiten duela. Giza balioen errealitateak, berriz, berean segitzen du ia osotasunean. Alde horretatik esan daiteke, Barandiaranek ez zuela ezer erdietsiko ez balitu giza balioak tentuz aplikatu. Areago, zientzia, berez, ez zitzaiola interesatzen esango nuke. Solidaritatea, lagun hurkoarenganako emate jarraikia, eguneroko jarduneko bekoki zabaltasuna, printzipioen defentsa, onestasuna, lana..., berreskuratu eta erabili beharko genukeen Jose Migel Barandiaranen legatu baten konstanteak ditugu.



domingo, 13 de noviembre de 2011

IÑAKI URDANGARIN ETA ARISTOTELES

Iñaki Urdangarinek zer tamainako delitu egin duen eztabaidagai den uneotan, ikaragarri friboloa iruditzen zait zenbait medio eta pertsonaia publikoren jarrera. Nire adinean ohituta egon behar banuen ere, amorru bizian jartzen naute hainbaten iritzi eta erreakzioek. Eta ahaleginak eta bost egiten ditudan arren, ezin dut konprenitu nola arraio eman daitekeen hainbeste ergelkeria, berez adimentsua suposatu behar zaion giza-kolektibo zabalean. Baina, jaun-andreok,  Espainiaz hitz egiten ari gara!

Urdangarinek epaitegitik igaro behar du, hori hasteko. Eta bere irabazpideei buruzko argibideak eman beharko ditu, beste edozein hiritarrek egin beharko lukeen bezala. Delitu lepora lekiokeen negozio esparrutik Urdangarinek larderia iraingarria erakutsi du besteenganako. Eta hori berezko dohaina den ala sendi politikotik datorkion inoiz asmatuko ez dugun arren, zalantzaren itzala berarengana erori denean espainiar Nortasun Agiri Nazional baten titularra delako erantzun behar du espainiar justiziaren aurrean, argi eta garbi.

Cayo Lara EB-ko koordinatzaile nagusiak eskatu dio erregeari errieta egitea bere suhiari. Hombre! Goazen poliki-poliki. Errieta? Edozein senditan bezala, aitaginarrebak askatasun osoz atera diezazkioke koloreak bere alabaren gizonari. Alderantziz gerta daitekeen moduan. Horrekin bat nentorke. Baina, erregeak? Espainiakoa? Cayo: zer aginte moralarekin?  Nola erakutsiko dio espainiar estatu buruak etikaz ezer bere alabaren senarrari?  Negozioetako etikaz ari naiz. Alde horretatik, aspaldi ikasi genuen Aristotelesek merkataritza chrematisike-ari buruz zioena: bertuterik gabekoa da, eta parasitotzat zeuzkan mazedoniarrak bide horretan iharduten zutenak.

Batzuek monarkiaren ezeztapenerako urrats berri bat ikusi dute Urdangarinen kasuan. Errepublika zalea naizela berretsiz, errepublikarekin ere zumarragarraren modukoak han eta hemen sortzen direla aitortu behar da. Hor dauzkagu Italiako Berlusconi, Frantziako Giscard d´Estaing, Alemaniako Kohl eta abar. Gobernu sistemak ez ditu zintzotasuna, gardentasuna eta etika bermatzen.

Urdangarinen negozioetan usain txarra dago. Hori ez ezik, susmoak ere bai iruzurra burutu denaz. Anakroniko eta ez demokratikoa den erakunde politikoaren partaidea krematistikoki lege txarrez aberastu den ala ez erabaki beharko du epaileak. Edozein modutan, epaia zein den jakin aurretik ere, ni Aristotelesekin nago. Parasitoak dira.


Argazkia: casareal.es

lunes, 7 de noviembre de 2011

UNESCO ETA AEBren PURRUSTADA





Edouard Glissant
UNESCOren beherapen ekonomikoak eta AEBen haserrea eskutik helduta joaten dira betidanik. Zuzen proportzionalak izaten dira, aldatzen dena haserrearen arrazoia dugularik.

 UNESCOren mekanismo administratiboa ezagutzeko aukera izan nuen 1984an, Eusko Jaurlaritzaren izenean Unescoren Albistariaren euskarazko edizioa negoziatu nuenean. Edouard Glissant argitalpeneko zuzendari nagusia izan nuen solaskidea, urtebete inguru luzatu ziren negoziazioetan.

Glissant martinikarrak lehen unetik ireki zidan bere lan gelako atea, Parisko Fontenoy plazako eraikinean. Eta atearekin batera, baita bihotza ere. Gehienetan literatura genuen mintzagaia. Glissant frantsesez idazten zuen sortzaile kreolarra zen eta sentsibilitate berezia erakutsi zidan euskararekiko. Herrienganako begirune eta errespetua zerion etengabe, eskaini zidan “La Lezarde” bere liburuan idatzi zidana lekuko: “A Joseph Marie, en l´honneur de toutes les cultures dominées qui aujourd´hui rayonnent” –Jose Mariri, egun dirdiratzen ari diren kultura azpiratu guztien ohorez.

M' Bow senegalarra zen UNESCOren garai hartako zuzendari nagusia eta erakundearen baitan bizi zen giro aske eta, zergatik ez idatzi?,  iraultzaileak AEBak 1984an UNESCOtik ateratzera eraman zituen. Horrek suposatu zuen, jakina, amerikarren kuotaren murrizketa mehatxatzailea. Eta estualdi ekonomikoak nagusitu ziren munduko hezkuntza, zientzia eta kultura helburu dituen erakundearen baitan.



Glissantekin neraman  negoziaketa aldrebestu egin zitzaidan, izan ere hastapenetako ikuspuntuei erreparatuz doan atera zitekeen argitalpenarengatik Eusko Jaurlaritzak ipini behar izan zuen azkenik dirua, HABEren bitartez. Unescoren Albistariaren euskarazko bertsioaren lehen zenbakia 1985eko otsailaren 15ean aurkeztu genuen eta ekitaldira Edouard Glissant etorri zen Donostiara. Beste behin ere egon zen idazle kreolarra gure artean, 1993ko otsailaren 23an, hain zuzen,  Euskaria elkarteak eratutako ekitaldi batean, Gasteizko Europa Gizarte-Etxean. Martinikarra, aurtengo otsailaren 3an hil zen, Parisen.


Duela hogeita zazpi urte, beraz, Unesco erakundearen ibilbidea iraultzailetzat hartu zuten ifarramerikarrek eta bertatik atera ziren. Egun erakundean Palestina onartua izan delako, “osabasamen” izpiritu guztiz larderiatzailearekin probokatuz, dagokien kuota ekonomikoa berriz ere erretiratu diote UNESCOri. “Nirekin ez dagoena, nire kontra dago” jarrera arbuiagarriaren estiloan, beti bezala.


Argazkia: lehman.cuny.edu